Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Aholkuak

Hasiberrientzako sukaldaritza: kontuan hartu beharreko 11 aholku, ez baduzu inoiz zartaginik hartu

“Ez dut astirik; ez dakit kozinatzen; ez dut gogorik”, zein da ez kozinatzeko zure aitzakia? Orain badakizu modu osasungarriagoan jateko ezinbestekoa dela sukaldean moldatzea; horrenbestez, sukaldean hasiberriak direnentzako truku batzuk ematen dizkizugu, aurrerapenak egiten jarrai dezazun.

Hasten zarenean, zalantzak sortuko zaizkizu eta nahastu egingo zara osagaiekin edo sukaldeko teknikekin, baina dena gainditu daiteke pazientzia pixka batekin eta irmo jarraituz. Batzuk nahiko bistakoak diren arren, hona hemen aholku-gida txiki bat, “egin dezala beste norbaitek” esatetik “ezin hobeto atera zait!" esatera pasa zaitezen.

1-Ez da tresna gehiegi behar

Laban-joku bat, mozteko ohola, pare bat zartagin, oinarrizko eltze bat eta eltze azkar bat eta irabiagailu bat; nahikoa eta soberan duzu horrekin. Ahaztu zaitez sukalderako tresna arraroez.

2-Planifika ezazu erosketa

Eskaini minutu batzuk astean zehar zer plater prestatuko dituzun eta zer osagai beharko duzun pentsatzeari. Eta, ez ahaztu, pentsatu sasoiko ze produktu fresko dagoen, eta erabil itzazu.

3-Utzi prest osagaiak

Har ezazu kontuan osagai batzuk bezperan prestatu behar direla. Ohikoena da beratzen utzi beharra (lekaleak) edo desizoztu beharra izatea (haragiak edo arrainak)

4-Hasi errazenetik

Prestaketa handirik eskatzen ez duten plater sinpleak prestatzetik hastea da onena. Tortillak, entsaladak, gisatuak edo eltzekoak izan daitezke aukera egoki bat. Dena zartaginera, bolera edo lapikora, eta kitto!

5-Aprobetxatu denbora

Zerbait egosten edo labean duzun bitartean, beste gauza batzuk egin ditzakezu: garbitu, zuritu, ebaki, erregosi, etab.

6-Zalantzarik baldin baduzu, dastatu

Ez itxaron platera prest egon arte. Kantitateren baten inguruko zalantzak baldin badituzu –gatzaren edo espezieen ingurukoak batez ere–, bota pixka bat gutxiago eta dastatu.

7-Egin gehixeago

Pasta, arroza edo lekaleak prestatzen badituzu, adibidez, bota eskukada bat gehiago; horrela, osagai bat dagoeneko prest izango duzu, beste plater batzuetarako erabili ahal izateko.

8-Oinarri on bat

Gogora ezazu ondo barazki-frijitu baten errezeta (normalean tipulaz, piperraz, baratxuriz, azenarioz, tomatez, gatzez eta olioz), errezeta mordo baten oinarria eta zaporearen gakoa baita.

9-Kontserbak eta izoztutako produktuak, sukalderako aliatuak

Onena produktu freskoak lehenestea den arren, arrain-edo lekale-kontserba on batek edo kalitatezko produktu izoztu batek errezeta ugari konpon diezazuke. Horrela, denbora eta erosotasuna irabaziko dituzu.

10-Egin zaitez mikrouhin-labearen eta labearen zale

Erabil itzazu ahalik eta gehien etxetresna elektriko horiek. Mikrouhin-labeak, berotzeko eta desizozteko balio izateaz gain, egosketa azkartzeko edo elikagai jakin batzuk koipe gutxiagorekin prestatzeko aukera ere ematen digu. Labea, berriz, perfektua da hainbat osagai batera prestatzeko: adibidez, azpil batean barazkiak eta beste batean oilaskoa patatekin erre ditzakezu.

11-Erronka berria astero

Eskura ezazu sukaldaritzako liburu on bat, edo bisitatu errezeten gure atala, eta ausart zaitez erronka berriak onartzera, aurrerapenak egiten eta sukaldaritzaz gozatzen lagunduko baitizute.

Hala eta guztiz ere animatzen ez bazara, gure denda askotan dituzu etxeko erara prestatutako plateren sekzioak, BM Supermerkatuetako produktu fresko onenekin prestatuta daudenak.