
Trukuak
Eltze espresa, sukalde osasungarrirako zure aliatua
Abantaila asko ditu sukaldean eltze espresak. Zalantzarik gabe, eltze azkarra edo presio-eltzea ere deitzen zaion tresna honen abantaila nagusia da kozinatzerakoan aurrezten dugun denbora: eltze arrunt batekin alderatuta, denbora herena behar da honekin. Hau da, jaki bat eltze arrunt batean kozinatzeko 45 minutu behar badira, 15 minutuan prest izango dugu eltze espresean.
Denbora aurrezteaz gain, energia aurrezteko aukera ere ematen digu. Eltze arruntekin alderatuta, % 70 energia-kontsumo txikiagoa beharko dugu eltze espresarekin, eta horrek dirua aurreztea ere ekarriko digu.
Era berean, eltze espresaren funtzionamendua bera lagungarria da modu osasungarriagoan kozinatzeko du, beren zukutan egosten baitira jakiak –ez dago oliorik edo koiperik gehitu beharrik– eta hobeto kontserbatzen baitira mantenugaiak: ez da ur askorik behar izaten, ezta egoste-denbora luzerik ere; horregatik, % 50 gutxiago disolbatzen dira uretan bitaminak eta mineralak.
Nola funtzionatzen du presio-eltze batek?
100ºC-tik gorako tenperaturan kozinatzen dira jakiak, eltzearen barruan metatzen den presioari esker. Berotasuna azkarrago barneratzen da jakietan, eta azkarragoa da egosketa; horri esker, jakiak urtsuago geratzen dira.
Funtsean, bi eltze espres mota daude: tapan balbula dutenak daude, batetik; irakiterakoan, lurruna modu kontrolatuan irtetea ahalbideratzen dute horiek. Beste modelo batzuek, berriz, presio-mailaren adierazle bat dute.
Egosketa-denborak
Eltzearen atalak eta funtzionamendua ezagutzeaz gain, egosketa-denborak ondo maneiatzen jakin behar da. Eltzeak presioa duen unetik hasi behar da kontatzen (uztaiak igotzen direnean edo balbulatik presioa irteten hasten denean, modeloaren arabera).
Eltze tradizionalekoaren bikoitza inguru izan ohi da denbora-aldea. Hona hemen eltze espresean behar diren egosketa-denborak, gutxi gorabehera:
- Arrozak: 6-8 min.
- Barazkiak eta ortuariak: 6-8 min. (Brokolia 2-4 min. / Lekak4-6 min. / Patatak-azenarioak: 6-8 min.)
- Lekaleak: 8-14 min. (Babarrunak eta txitxirioak –beratuta–- 14-18 min. / Dilistak6-8 min.)
- Haragiak, zatituta: 14-18 min. (Txahala-idia 14-18 min. / Txerria-oilaskoa-untxia-arkumea 14-16 min.)
- Arrainak eta itsaskiak: 2-6 min. (Txirlak-muskuiluak-otarrainxkak 2/4 min. / Arrain-trontzoak 2-4 min. Arrain-xerrak 4-6 min.).
Eltze espresean kozinatzeko aholkuak
Eltzean jartzen dugun ur kopurua da eltze espresean jakiak puntu-puntuan gera daitezen gomendio erabilgarrienetako bat. Erabiltzen den jaki kopuruaren araberakoa izan behar da. Oro har:
- Barazkiak-ortuariak: kilo bakoitzeko 2 litro. Lekak dira ur gutxien behar dutenak. Gainera, ortuari gehienen kasuan, nahikoa da urez estaltzea.
- Lekaleak: kilo bakoitzeko litro bat.
- Arroza-haragia-arraina: guztiz estali behar dira urez. Haragi-gisatuetan, kontuan izan behar da jakiek beren zukua askatuko dutela; beraz, marjina pixka bat uztea komeni da).
Egosketa geldoaren antzerako emaitzalortzeko, nahikoa da eltzea ireki ondoren beste 5-10 bat minutu gehiagoz egostea, saltsa edo salda lodiago gera dadin. Gainera, arroz pixka bat gehitzen badiozu, plater bikaina lortuko duzu.
Arraina eta itsaskiak prestatzerakoan, hobe da eltzea irekita dagoenean gaineratzea, oinarria (patatak, barazkiak, etab.) kozinatu ondoren, ez daitezen gehiegi egosi. Gauza bera gertatzen da barazki eta ortuariekin ere, batez ere, mota ezberdinetakoak dituzten errezetetan: presioa kendu ondoren bota eta geratzen den berotasunarekin kozinatubehar dira azkarren egosten direnak.
Eltze espresari beldurrik ez izateko urratsak
Eltze espresa erabiltzeak ez luke izan behar sukaldeko beste edozein tresna erabiltzeak baino arrisku handiagorik. Suak, eltzeak, zartaginak eta abar erabiltzen ditugunean, beti hartu behar dira oinarrizko neurri batzuk eta, presio-eltzearen kasuan, honako urrats hauek jarraitzea ere komeni da:
- Irakur itzazu ondo fabrikatzailearen jarraibideak: bistakoa dirudi, baina askotan, erosten ditugun etxeko elektratresna eta bestelako tresna gehienen kasuan, ez ditugu irakurtzen… eta hori akats bat da!
- Egiaztatu zein egoeratan dagoen: ziurtatu ez dituela puskatuta junturak edo gomak, eta ez duela ihesbiderik, tapa ondo ixten dela eta balbulak garbiak daudela eta behar bezala funtzionatzen dutela. Gaur egun, eltze guztiek izaten dute segurtasun-balbula bat, balbula nagusiak huts egiten badu ere.
- Ez bete eltzea bere edukieraren 2/3 baino gehiago: inoiz ez da goraino bete behar eltze espresa, balbula buxatu baitaiteke. Gainera, bolumena handitzen duen jaki bat kozinatzen dugunean –lekaleak edo arroza, esaterako–, ez da bete behar erdia baino gehiago.
- Jaitsi sua presioa irteten hasten denean: eltzeak gehienezko presioa hartzen duenean, sua jaistea komeni da, presio-irteera egonkor mantentzen den intentsitate batera (ez su biziegian).
- Izan pazientzia eltzea ireki baino lehen: eltzeak lurrun guztia bota eta hozten den arte itxoin behar da (20-30 minutu inguru), modu seguruan irekitzeko. Ireki aurretik pixka bat mugitzea ere komenigarria da (balbula aske dagoela), gera daitezkeen aire-poltsak kentzeko. Erresistentzia nabarituz gero: hobe da beste minutu batzuk itxoitea… Ez jarri ur hotz txorrota azpian! Ez dira komenigarriak bat-bateko tenperatura-aldaketak.