Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Osasuna eta elikadura

Prestatu azala eguzkitan jarri aurretik

Amaitu dira egun laburrak eta iritsi da eguzkia. Jakin ezazu zer egin inoiz baino larruazal hobea izateko. Negu osoa izan gara hotzaz kexu, eguraldi txarraz, euriaz, eta elurraz kexu. Gure azala ere kexu da, eta nabari zaio; argitasuna galdu du, lehortu da eta latz bihurtu da.

Horrenbestez, hotzaren ondoren, guztiok eguzkia eta beroa nahi dugun arren, prest egon beharko dugu eguzkia iristen denerako. Eta naturak eskaintzen digunaren onena baliatzea eta elikaduraren bidez prest jartzea baino gauza hoberik ez dago.

Lehenik eta behin, azal hilak kendu beharko ditugu. Horretarako, esfoliazio handia egin dezakegu.Merkatuan esfoliazioa egiteko askotariko produktuak daude, baina etxean egindako erremedio naturalak ere erabil ditzakegu. Azukrearekin eta olioarekin, bananarekin edo limoiarekin, kafearekin edo oloarekin egindakoak. Guztiak dira baliagarriak behar ez dugun larruazalaz desegiteko eta udaberriaren iritsierarekin aldatzen dugun azalaz desegiteko.

Horren ondoren dator garrantzitsuena. Hidratazioa. Azal deshidratatua azal motela da.Eta maskaraz eta kremaz hidratatzeaz gain, nahitaezkoa da barrutik ere benetan hidratatuta egotea. Ur asko edatea eta frutak eta zukuak kontsumitzea oso lagungarria izango da azal argia eta osasuntsua izateko.

 Azkenik, arreta handia jarri beharko diegu eguzkiak gure azalean dituen ondorioei. Zuzenean eguzki-izpien eraginpean jartzeko unea iritsi da, eta garrantzi handikoa da prebentzioa. Ez dugu babesa jartzeaz ahaztu behar, nahiz eta ez dugun zuzenean eguzkia hartu behar. Babes-maila zenbat eta handiagoa izan, orduan eta arrisku txikiagoa larruazalean orbanak eta zimurrak ateratzeko, eta, jakina, melanoma moduko gaixotasunak garatzeko.

Oso lagungarriak izan dakizkiguke, halaber, gure azala barrutik babestuko duten elikagaiak. Antioxidatzaile naturalek, hala nola fruitu gorriek, sagarrek edo txokolate beltzak itxura gazteagoa emango diote gure azalari, flavonoideen, kolagenoen eta elastinaren eduki handiari esker; izatez, substantzia horiek irmotasuna ematen diote azalari.

Era berean, betakaroteno eduki handiko elikagaiek —hala nola azenarioek, hosto berdea duten barazkiek, azek, ziazerbek edo apioak— larruazaleko minbizia prebenitzen dute eta eguzkiaren UV izpien kontrako babes-geruza sortzen dute.

 

Azala udarako prestatzen laguntzen duten produktuak

Te berdea

Antioxidatzailea eta, beraz, azalaren zahartzearen eta kolesterol txarraren kontrako aliatua. Funtsezkoa gibela arazteko, hau da, gorputzeko toxina-iragazki nagusia garbitzeko. Lagungarria da metabolismoa aktibatzeko eta idorreriari aurka egiteko. Proba ezazu zukuan: sagarrarekin, aloe verarekin, ziazerbarekin eta luzokerrarekin.


Apioa

Barazki honek bakterioen eta hanturaren kontrako propietateak ditu, baita propietate digestiboak ere; hortaz, oso garbigarria da. Egokia edozein dietatarako, ez baitu koiperik eta kolesterolik, eta, gainera, bitamina-eduki handia baitu. Proba ezazu zukuan: luzokerrarekin, udarearekin eta azenarioarekin.


Fruitu gorriak

Flavonoideetan, antozianoetan eta fitonutrienteetan, hala nola betakarotenoan, luteinan, likopenoan eta zeaxantinan, eduki handia dutenez gero, gure zirkulazioa hobetzen dute eta antioxidatzaile natural gisa dihardute. Azalari itxura osasuntsua, gaztea eta distiratsua ematen diote.Proba ezazu zukuan: limoi urarekin eta koko urarekin.


Limoia

Seguraski zerrendako osagaien artean ezagunena da. C bitaminaren eduki handia duenez gero, ia edozein gaitzetarako erremedio bihurtu da. Antibiotiko, heste-garbitzaile, arazle edo orbantzaile naturala da. Proba ezazu zukuan: papaiarekin.


Jengibrea

Ondoez gastrikoa arintzen du, antioxidatzailea da, eta migrañak, odol-zirkulazioa eta hilekoaren oinazeak hobetzen ditu. Askotariko onurak ditu, bitaminen, mineralen, antioxidatzaileen eta aminoazidoen eduki handiari esker.  Proba ezazu zukuan: sagarrarekin eta limoiarekin.


Anana

% 90 ura da eta ez du ia kaloriarik. Zuntza duenez gero, heste-igarotzearen arazoak hobetzen ditu. Gainera, bromelina-entzimak proteinen digestioa errazten du. Egokia dietetarako. Proba ezazu zukuan: apioarekin, ziazerbarekin, luzokerrarekin eta albakarekin.