
Osasuna eta Edertasuna
Azala zaintzeko elikagaiak
Elikadura osasungarri eta orekatuak barrutik zaintzen lagunduko digu, baina, baita kanpotik ere. Behar bezala elikatzea da azal osasuntsu eta distiratsua edukitzeko sekretua. Nola? Antioxidatzaile, gantz-azido esentzial, eta A, B eta C bitamina ugari dituzten elikagaiak janda. Horiexek dira gure azala zaintzen eta kutis fresko eta osasuntsua izaten lagunduko diguten elikagaietako batzuk.
Ura da giltzarria
Azalaren itxura zaintzeko garrantzitsuena hidratatzea da. Horregatik, ura izan behar da gure dietaren oinarri nagusia. Gomendagarria da egunean pare bat litro edatea, baina, gogora ezazu hidratatuta egoten lagunduko diguten frutak ere badaudela, portzentaje handi batean urez osatuta baitaude. Horixe da, esaterako, sandiaren, meloiaren edo madarien kasua.
Gantz-azidoak
Hainbat gantz-azido ere ezinbestekoak dira azala hidratatuta edukitzeko; oliba olioak, ahuakateak, arrain urdinek eta fruitu lehor batzuek, intxaurrek eta urrek, besteak beste, dituzte gantz-azidoak.
Betakarotenoa
Tomateetan, hosto berdedun barazkietan eta azenarioetan aurkituko dugu betakarotenoa, bai eta laranja koloreko beste fruta eta barazki batzuetan ere, hala nola, mertxiketan eta kalabazan. Betakarotenoa gure organismoan sartzen denean, A bitamina bihurtzen da, eta horrek azaleko zimurrak eta orbanak prebenitzen laguntzen digu.
Haragi gorria eta arrautzak
Haragiak eta arrautzek eskaintzen dizkiguten proteinek lagundu egiten digute muskulu-tonuaren galera mantsotzen; bestela esanda, azalaren zahartze-prozesua mantsotzen.
C Bitamina
C bitamina funtsezkoa da, gaitasun antioxidatzaile handia daukalako, eta kolagenoa sortzen laguntzen duelako, gure azalari elastikotasun eta irmotasun handiagoa emanez. Gomendagarria da gure dietan zitriko batzuk sartzea ere, hala nola, laranja, limoia edo pomeloa. Baita C bitamina ugari duten beste fruta eta barazki batzuk ere, kiwia, marrubiak edo piperrak, adibidez.
Brokolia da azala zaintzen laguntzen diguten elikagaien artean nabarmentzen den beste barazki bat; izan ere, C bitaminaz gain, E bitamina ere badauka, eta hori lagungarria azala UVA izpietatik babesteko.
Selenioa
Selenioa azaleko tumore batzuek prebenitzen laguntzen duen minerala da, besteak beste, melanomak. Elikagai askotan aurkituko dugu: arrautzetan, haragietan, arrainetan, itsaskietan, frutatan eta edari batzuetan, hala nola, te beltzean.
Txokolate beltza
Txokolate zaleok zorioneko zaudete, txokolate beltza ere gure azalaren lagun ona baita. Azalaren gorritasuna eta laztasuna arintzen ditu eta, gainera, azalaren nekea eta zahartze goiztiarra gutxitzen laguntzen du.