
Osasuna eta Edertasuna
Udan azala zaintzeko aholkuak
Garbi dago, urte osoan zehar zaindu behar dugu larruazala, baina, bereziki, uda iristen denean. Gainera, gure ardura ez da izan behar soilik eguzkiaren aurrean azala nola zaindu. Igerilekuetako kloroak edo itsasoko ur gaziak ere kalte dezakete gure azala; horregatik, zenbait neurri hartu behar dugu baina, zer nola zaindu behar dugu, zehazki, gure larruazala udan?
Eguzkiarengandiko babesa
Kalera irteten garen bakoitzean eman behar dugu eguzki-krema. Batzuetan pentsatzen dugu hondartzara edo igerilekura goazenean bakarrik daukagula eguzkitik babesteko beharra, baina, oker gaude, hori ez da horrela. Paseatzera irteten garenean edo, besterik gabe, lanerako bidean ere, eguzkiaren eraginpean jar gaitezke. Babesa eraginkorragoa izan dadin, kanpora irten baino 30 bat minutu lehenago ematea komeni da eta gure azal motari ondoen egokitzen zaion eguzki-babesa aukeratu behar dugu.
Zaindu zure aurpegia
Aurpegia da gure gorputzeko zatirik finenetakoa. UVA izpien eraginik handiena jasaten duena da; horregatik, bereziki zaindu behar dugu. Erabil itzazu eguzki-babes altuagoa eta txanoak edo kapelak, babes handiagoa lortzeko. Komenigarria da, gainera, egunean birritan, gutxienez, aurpegia garbitzea, poroak garbi mantentzeko.
Esfoliatzea
Ez baduzu azala esfoliatzeko ohiturarik, aprobetxa ezazu uda eta hartu ohitura hori. Azal hila kentzen eta odolaren zirkulazioa hobetzen lagunduko dizu.
Arropa egokia
Udan gehiago izerditzen dugu eta horrek larruazala minberatu eta mindu dezake. Aukeratu arropa egokia, gehiegizko izerditzea eta urratuak saihesteko.
Hidratatu larruazala
Dutxatu ondoren, eman ezazu beti krema hidratatzailea; eta eguna hondartzan, igerilekuan edo mendian igaro baduzu, hobe eguzkia hartu ondoren larruazala oneratzeko krema baldin bada.
Elikadura eta hidratazioa
Bero egiten duenean, beharrezkoa da hidratatzea, baina, likidoak edateak gure azalaren itxura hobetzen ere lagunduko digu. Halaber, jaten dugunak ere badauka eraginik. Oso onuragarriak dira zitrikoak eta fruitu gorriak, C bitamina ugari baitute; azenarioak azalaren biguntasuna murrizten laguntzen du; hosto berdedun barazkiak ere, antioxidatzaileak dituztenez, oso egokiak dira, hala nola, eskarola, espinakak edo zerbak.