
Elikadura osasungarria
Zure energia areagotzeko elikagaiak
Egunean zehar energia areagotzea funtsezkoa da errendimendu ezin hobea izateko eta, oro har, ongizaterako. Elikagai egokiak aukeratzeak berebiziko garrantzia du prozesu honetan. Hona hemen energia-maila egonkorrak mantentzen lagun diezaguketen elikagai arrunt batzuk:
1. Fruta freskoa:
Bananek, esaterako, potasio kopuru handia dute, eta energia-liberazio azkarra eskaintzen dute, karbohidratoei esker. Sagarrek ere zuntz kopuru handia dute, eta odoleko azukre-mailak egonkor mantentzen laguntzen dute. Ezin ditugu ahaztu fruitu gorriak, marrubiak, ahabiak eta mugurdiak; antioxidatzaileak dira, eta bitaminak eta energia-bulkada bikaina eskaintzen dituzte.
2. Fruitu lehorrak eta haziak:
Intxaurrak omega-3 eta omega-6 gantz-azidoen iturri bikaina dira, eta antioxidatzailez betetako proteina eta zuntz konbinazioa eskaintzen dute. Magnesioa, burdina, B bitamina eta E bitamina ere badute. Hazien kasuan, aukera interesgarria da txia.
3. Oloa:
Zereal hau fosforo, burdin, kaltzio eta lezitina iturri bikaina da. Dituen propietate energetikoez gain, nabarmentzekoa da kolesterol-maila murrizteko eta asetasun-sentsazio azkarra lortzeko duen gaitasuna.
4. Jogurta:
Jogurtaren kalitate handiko proteinen ekarpena funtsezkoa da ehunak leheneratzeko eta eraikitzeko. Karbohidratoak ere baditu, gainera, laktosa kasu, gorputzerako energia-iturri nagusi direnak. Jogurt askok probiotikoak ere badituzte; substantzia hori onuragarria da hesteen osasunerako, mantenugaien absortzioa hobetzen baitu eta, beraz, baita eraginkortasun energetikoa ere.
5. Arrautzak:
Eguna hasteko aukera ideala dira nutrizioari dagokionez. Kolina dute, buruko osasunerako onuragarria den mantenugaia. Proteina-iturri bikainak izateaz gain, bihotzeko gaixotasunak izateko arriskua murrizten eta ikusmen ona izaten lagun dezakete.
6. Arrain koipetsua (freskoa):
Arrain koipetsuak –izokina eta atuna kasu– proteina, gantz-azido esentzial eta B bitamina iturriak dira. Jaki horietan dauden omega-3 gantz-azidoek gorputzeko hantura murrizten dute, nekearen ohiko kausa izaten dena.
7. Hosto berdedun ortuariak:
Burdina, B bitamina eta antioxidatzaile kopuru handia dute hosto berdeek, ziazerbak eta azak esaterako; mantenugai horiek funtsezkoak dira energia sortzeko, azukreak erregulatzeko eta zelulak bizirik mantentzeko.
8. Ura:
Ura da gorputzaren pisuaren % 60, eta funtsezkoa da energia-sorkuntzan. Ur kopuru egokia edaten ez bada, deshidratatu egin gaitezke, eta hori kaltegarria da gorputzaren eginkizunetarako.
Ez ahaztu, konbina ezazu elikadura egokia ariketa erregularrarekin eta atseden egoki batekin.