
Elikadura osasungarria
Barazkiak ez dira udarako bakarrik
Negua eta hotza iristen direnean, janari fresko eta arinen ordez eltzekoak eta era guztietako plater astun eta prestatuak jateko joera izaten dugu. Hala ere, hilabete hotz hauetan barazkiak jatea beti da egokia, ez goxoak direlako bakarrik, baizik eta baita osasungarriak direlako eta mantenugai- eta ur-ekarpen garrantzitsua egiten digutelako ere.
Kardua, orburuak, aza eta borraja dira neguko barazki nagusiak, baina nabarmentzekoak dira azalorea, brokolia, zerbak, ziazerbak eta aza ere. Oraintxe da barazki horiek kontsumitzeko unerik egokiena, eta preziorik onenean gainera; beraz, ez dago ortuariok etxera ez eramateko aitzakiarik. Gainera, funtsezko mantenugaietan aberatsak eta kaloria kopuru txikikoak dira, eta hori oso ondo datorkigu tripakadetan egindako gehiegikerien ondoren.
Bitamina mota ugari dute, gainera, A, C, D eta K bitaminak eta B bitamina konplexuko hainbat, esaterako, baita mineral ugari ere, hala nola kaltzioa, magnesioa, sodioa eta burdina. Eta hori gutxi balitz, ur kopuru handia dute barazki hauek, hortaz, funtsezkoak dira hotzak larruazala lehortzen eta zartatzen digun sasoi honetan organismoa hidratatuta izateko. Beraz, guztiak dira abantailak jai hauetan sasoiko barazkiak jateari dagokionez.
Eta hau irakurtzen ari zaren bitartean pentsatzen ari bazara barazki hauek ez dituzula jaten haizeak sortzen dizkizutelako, ez zaitez kezkatu. Jarraian, albo-ondorio hori murrizteko edo saihesteko zenbait aholku emango dizkizugu.
Erabil itzazu dietaren digerigarritasuna hobetzeko teknikak; horrela, bada, kozinatu lurrunetan, labean, galdarraztatuta, plantxan, papillote eran edo egosita. Hori bai, zaindu ondo egoste-puntua, barazki hauek ez baitute usainik freskoak direnean. Usaina ur irakinarekin kontaktuan jartzen direnean askatzen dute, eta gehiegi egosten direnean are biziagoa da usain hori. Horregatik, puntu-puntuan egon daitezen zaintzea da aholku garrantzitsu bat.
Eta zuk gustuko al dituzu barazkiak neguan ere?