
Elikadura osasungarria
Txia-budina: postre edo askari osasungarri eta goxoa
Txia-budina nire askari gustukoenetakoa da, hainbat arrazoirengatik: lehenik eta behin, goxo-goxoa delako; bestetik, oso elikagarria delako eta, hirugarrenik, istant batean egiten delako. Beherago aurkezten dizuet errezeta; ziur nago izugarri gustatuko zaizuela…
Dohain ugari ditu budin honek; frutak eta esnekiek dituzten bitaminez eta proteinez gain, txiarenak gehitu behar dizkiogu. Salbia hispaniko deritzon landaretik ateratzen da hazi txiki hau, eta Omega 3 eta Omega 6 azidoen kontzentrazio handiena duten landareetako bat da; azido horiek kolesterol txarra (LDL) murrizten eta kolesterol onaren maila (HDL) handitzen laguntzen dute.
Txia:proteina eta zuntz dosi bikaina
Txiaren edukiaren % 20 inguru proteinak dira. Proteinak funtsezkoak dira hazkunde garairako, eta ehun-egitura zaintzen dute. Odolean oxigenoa garraiatzen ere esku hartzen dute, eta antigorputz gisa jokatzen dute; horrela, bada, modu naturalean babesten gaituzte infekzioetatik.
Zuntz-iturri bikaina ere bada txia: asetzailea da, eta ona urdail-hesteen osasunerako. 11 bat gramo zuntz eskaintzen digu, helduentzako eguneko gomendatutako kopuruaren ia erdia. Odoleko azukre-mailak erregulatzen ere laguntzen du, beraz, diabetikoek ere sar lezakete haien dietan.
Mineral kopuru handia du, gainera; tartean, nabarmentzekoak dira kaltzioa, magnesioa eta fosforoa. Kaltzioak indartsu mantentzen ditu gure hezurrak eta hortzak. Magnesioak nerbio-transmisioan eta proteinen sorkuntzan hartzen du parte, besteak beste; eta fosforoa hezurretan eta hortzetan dago, baita material genetikoan eta energia biltegiratzeaz arduratzen diren molekuletan ere (ATP).
Bestalde, antioxidatzaile ugari dute txia-haziek, ehunetako erradikal askeek eragiten duten zahartze goiztiarra prebenitzeko eta, era horretan, bihotza babesteko eta endekapenezko beste gaixotasun batzuk babesteko egokiak, hala nola Alzheimerra eta minbizia.
Txia-budina, ahabiekin eta kakahuete-kremarekin
Osagaiak
30 gramo txia-hazi
Izoztutako 25 gramo ahabi
50 gramo jogurt natural
Esne edo landare-edari basokada bat
Banilla natural hautsa
Azukrerik gabeko kakahuete-krema
Ahabi natural eskukada bat
Nola prestatu
Birrindu esnea edo landare-edaria eta izoztutako ahabiak.
Gehitu txia, eta irabiatu sendotzen den arte.
Irabiatu jogurta banillarekin, eta gorde gerorako.
Jarri edalontzi batean, eta hoztu mamitzen den arte.
Behin mamitzen denean, gehitu ahabi naturalak, jogurta banillarekin, eta kakahuete-krema koilaratxokada bat.
Nahastu dena ondo, eta gozatu.
Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista |