
Elikadura
Gogo aldartea hobetzeko jakiak
Elikadurak eragin handia dauka gure ongizatearengan; ez gure organismoaren ongizatearengan soilik, baita gure gogo aldartearengan ere. Hortik “jaten duguna gara” esaera. Horrela, beren osaeragatik gogo aldartea hobetzen laguntzen diguten elikagaiak aurki ditzakegu merkatuan.
Triptofanodun elikagaiak dira ondoen sentiaraziko gaituztenak. Triptofanoa aminoazido bat da, eta gorputzak serotonina gehiago sortzen laguntzen du; serotonina ongizate sentsazioa hobetzen duen sustantzia da.
Era berean, B taldeko bitaminak eta beste mineral batzuk –hala nola, zinka eta selenioa– falta izatea ere lotzen da depresioarekin eta gogo aldartearekin eta buruko osasunarekin lotutako beste arazo batzuekin. Gainera, nutrizionistek gomendatzen dute karbohidrato eta gantz-azido esentzial askodunelikagaiak kontsumitzea, burmuinean neurotransmisoreak sortzen laguntzen dutelako.
Aholku horiei jarraituz, hobeto sentiaraziko gaituzten elikagai batzuk aipatzen dizkizugu jarraian:
- Oloa: Oso lekale energetikoa da, eta B6 eta B5 bitamina asko dauka. Har ezazu gosarian, eta umore onez hasiko duzu eguna. Beste lekale batzuek ere –gari eta arroz integralak, esaterako– lagunduko dizute gogo aldartea hobetzen.
- Jenjibrea: Capsaicina asko dauka; sustantzia horrek endorfinen sorrera suspertzen du; endorfinak “zoriontasunaren hormonak” izenarekin ere ezagutzen dira. Capasaicina beste espezia batzuetan ere aurkitzen da, kaienan edo txile piperrean, esaterako.
- Letxuga: 100 gramo letxugarekin, gure gorputzak egunero behar duena baino azido foliko kopuru handiagoa ematen diogu. Nekeari eta sukortasunari aurre egiten lagunduko digu.
- Fruitu lehorrak: Gantz-azido esentzialak geureganatzeko ezinbesteko iturria. Fruitu lehor batzuek, gainera, –intxaurrek, esaterako–, selenio asko dute; mineral horren urritasunak nekea, antsietatea eta depresioa eragin dezake.
- Dilistak: Eta ez dilistak bakarrik. Txitxirioak, soja, babarrunak… eta, oro har, lekaleak. Fenilalanina asko dute; beste aminoazido bat da fenilalanina, eta depresioari aurre egiten laguntzen du, neurotransmisoreak sortzen laguntzen baitu.
- Tipula eta baratxuria: Zure platerei tipula eta baratxuria botata, serotoninaz beteko dituzu. Triptofano asko dute.
- Arrautzak: Kolina izeneko sustantzia, B12 bitamina eta zinka dute, neurotransmisoreen ekoizpenean parte hartzen duten hiru elikagai.Gainera, arrautza gorringoa zelulen mintzak –batez ere, burmuinekoak– osatzen dituzten sustantzien elikagai-iturri nagusia da.
- Banana: Energia gehien ematen digun fruta da, triptofano eta karbohidrato asko dauka.Ondo sentiarazteko elikagai ezin hobea da.Aukera ezazu zure askari eta hamaiketakoetarako!
Elikagai horiek guztiek hobeto sentiarazten laguntzen digute, betiere neurrian jaten baditugu; izan ere, beste hainbat alditan esan dugun bezala, gakoa da orekari eustea. Dieta anitza eta ariketa fisikoa dira, zalantzarik gabe, zoriontsu izateko konbinazio ezin hobea.
Halaber, saia zaitez gantz aseak eta hidrogenatuak, freskagarriak, alkoholdun edariak, kafeina, teina eta azukre findua saihesten; gehiegi kontsumituz gero, aurkako efektua eragin dezakete: serotonina maila txikituko dute, eta estresa eta antsietatea eragin. Beraz, badakizu, aukera itzazu irribarre eginaraziko dizuten elikagaiak.