
Elikadura osasungarria
Hasi eguna gosari osasungarri batekin
Askotan entzun dugu gosaria eguneko otordurik garrantzitsuena dela eta halaxe da. Goizean, esnatzen garenean, 8-10 bat ordu daramatza gure organismoak batere elikagairik jaso gabe eta, gosaltzen ez badugu, glukosa falta izango dugu eta gure gorputzak beste energia erreserba batzuk erreko ditu. Barauaren ondorioz, neke handiagoa sentituko dugu, umore txarrez egongo gara eta zailagoa egingo zaigu kontzentratzea eta gure eguneroko jardunari etekina ateratzea.
Horregatik, serio hartu behar dugu eguneko lehen otordua eta behar adina denbora eskaini behar diogu gosari osasungarria prestatzeari.Hain zuzen ere, lasai gosaltzeari 20 eta 30 minutu artean eskaintzea gomendatzen du Dietista eta Nutrizionisten Espainiako Elkarteak; horrela, goizean goizetik hobeto egingo dugu digestioa.
Kontuan hartu behar dugun lehen gauza da kafe-katilukada bat edo infusio bat hartzea ez dela gosaltzea. Gosaria osasungarria eta osoa izan dadin, kafearekin edo tearekin batera, hiru elikagai multzo hartu behar ditugu, gutxienez:fruta (freskoa edo zukuan), zerealak (integralak badira, hobe) eta esnekiak. Horrez gain, bestelako elikagai mota batzuk ere har ditzakegu, hala nola, koipe gutxidun hestebeteak, arrautzak edo fruitu lehorrak.
Koipe osagarria gehitzea ere gomendagarria da. Mantekila edo margarina ere erabil ditzakegu, baina hobe da oliba-olioa hartzea, askoz onura handiagoak baititu gure gorputzerako eta, batez ere, gure digestio-aparaturako. Bihotzerrea gutxitzen du, heste-igarotzea estimulatzen du eta nutrienteak xurgatzen laguntzen du.
Opil industrialak ez daude debekatuta, baina neurrian jan behar dira.Asteburutan, kapritxo gisa, jan ditzakegu, baina ez dira gure eguneroko aukera izan behar. Gantz ase eta landare-koipe ugari dute opil industrialek eta horiek hipertentsioa, kolesterola edo are obesitatea sortzen dute; beraz, ez da gomendagarria produktu mota horiek asko jatea.
Garrantzitsuena ez aspertzea da.Egunero ez dugu gauza bera bazkaltzen eta afaltzen; beraz, zergatik errepikatu egunero gosari bera? Aldatu egin behar dugu!Atzo laranja-zukua hartu bazenuen, gaur mazedonia presta dezakezu. Egun batean jogurta zerealekin eta marrubiekin jan baduzu, hurrengo egunean ogi integral xigortua gazta freskoarekin eta eztiarekin jan dezakezu. Baina, gosari gazia nahiago baduzu, indioilar eta pepino sandwicha, arrautzopila edo ogi xigortua olio, urdaiazpiko eta tomatearekin presta dezakezu.
Horrela, gozatu egingo duzu eta zure osasunak eskertuko dizu.Gosari on!