Haurtxoak
Eskolarako itzulerarako 5 askari osasungarri, txikien gustukoak
Eskolarako itzulerarekin batera, etxe askotako eguneroko buru-hauste handienetako bat ere itzultzen da: zer jarriko diet askaltzeko?
Oporren ondoren, ordutegi eta errutinetara itzultzea nahikoa lan izaten da eta, gainera, arratsaldero errezeta ezberdin bat asmatu behar. Eta ez da beharrezkoa.
Askari on bat prestatzea benetan erraza izan daiteke, ohiko jakiak konbinatu eta astean zehar hainbat aukera txandakatuz gero. Helburua ez da “askari perfektua” prestatzea, baizik eta aukera elikagarriak, ume bakoitzaren apetituari eta adinari egokitutakoak eta, batez ere, erakargarriak eskaintzea.
Eta egunari filosofia berarekin ekin nahi badiozu, ideia gehiago aurki dezakezu hemen: familia osoarentzako gosari osasungarriak.
Zer izan beharko luke askari on batek?
Ez da formula bakarra. Ume batzuk gose handiz irteten dira eskolatik, eta beste batzuek mokadutxo bat besterik ez dute behar izaten. Eragina izaten du arratsalderako duen planak ere: futbola, parkea edo jarduera lasaiagoren bat. Beti askari berberak ez eskaintzeko, elikagai-talde ezberdinetara jo dezakegu:
- Sasoiko fruta freskoa, hobe osorik edo zatituta.
- Zerealak eta eratorri integralak, hala nola ogia edo olo-malutak.
- Esnekiak, jogurt naturala edo gazta kasu.
- Fruitu lehorrak eta fruitu lehorren kremak, adin bakoitzerako formaturik egokiena aukeratuta.
- Lekaleak; besteak beste, humus modura.
Ez da beharrezkoa horiek arratsaldero askarirako poltsatxoan sartzea. Askariarekin eskolako menua osatzeko gako osasungarriak artikuluan azaldu genizuen bezala, komeni da kontuan izatea haurrak egunean zehar zer jan duen eta afalordurako zenbat falta den.
5 askari erraz, astean zehar txandakatzeko
1. Ogi integral txigortua, kakahuete-kremarekin eta bananarekin
Konbinazio erraza, ukitu gozo batekin, azukrerik gehitu behar izan gabe. Igurtzi ogi integral zati bat kakahuete-kremaz (edo gogoko duen beste fruitu lehor batez egindako kremaz), eta jarri gainean banana (edo udare edo sagar) zati batzuk.
2. Jogurt naturala sagarrarekin, oloarekin eta kanelarekin
Zatitu sagar bat, eta bota jogurt natural bati, olo-maluta batzuekin eta kanela pixka batekin batera. Askaria kalera eraman behar diozu? Hona hemen tuperrik gabeko zenbait askari, korrika egiteko gogoz dauden txikientzako.
3. Gazta eta tomate ogitartekotxoa
Ogi integral ogitarteko txiki bat, gazta samurrarekin eta tomate-xerra fin batzuekin; aukera azkarra da eta, gainera, aldaera askotarako aukera ematen du.
4. Humusa, ogiarekin eta barazkiekin
Zerbitza ezazu ogi-zerrendekin eta azenario-makilatxoekin, luzokerrarekin edo beste ortuariren batekin, betiere tamaina eta testura haurraren adinera egokituta. Askari anitzak eskaintzeaz gain, barazkiak beste modu batera aurkeztea lagungarria izan daiteke barazkiak jatea kosta egiten zaien haur horientzako.
5. Sasoiko fruta, gaztarekin eta fruitu lehorrekin
Udarea gaztarekin, sagarra intxaurrekin edo mahatsa gazta freskoarekin jaki gozoen eta gazien arteko kontrastearekin jolasten duten konbinazioak dira. Adi: haur txikien kasuan, fruitu lehorrak birrinduta edo kreman eman behar zaizkie, eta fruta borobilak (mahatsa, esaterako) luzetara moztuta.
Haurrari etxetik kanpo askaltzen emateko inspirazio gehiago behar baduzu, kontsultatu artikulu hau:lanera edo ikastetxera eramateko 3 snack osasungarri.
Trukua aldatzea da, ez gauzak zailtzea
Ez duzu astero bost askari berri asmatu beharrik. Askotan, nahikoa izaten da funtzionatzen duten konbinazioen zerrenda txiki bat edukitzea, eta osagaietako bat aldatzen joatea.
Beste ideia on bat da haurrei parte har dezaten uztea. Bi frutaren artean aukeratzen, beraien ogitartekoa prestatzen edo jogurtari zer bota erabakitzen; horrela, jaki ezberdinak ezagutzen joango dira, eta askaria bat-batean beraien aurrean agertzen den janari bat baino gehiago izango da.
Ba al dago zuen etxean inoiz hutsik egiten ez duen askariren bat? Konta iezaguzu Facebooken, X-en, Instagramen edo TikTok-en.
BM Kontuaren SMS komunikaziorik jaso nahi ez baduzu, harpidedun izateari utzi dezakezu zure profilean hemen sartuz edo 900 555 300 telefonora deituz.