Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura

Umeekin sukaldean

Batzuetan, ez da lan erraza izaten umeei hainbat jaki janaraztea. Makarroiak tomatearekin denei gustatzen zaizkie, baina ez da gauza bera gertatzen dilistekin edo arrainarekin. Hala ere, beti egoten da jaki bat dibertigarriago bihurtzeko moduren bat; hainbat ideia orijinal nahikoa izaten dira gure menuari itxura erakargarriagoa emateko.

Gure seme-alabak, txikitatik, ondo elikatzeak daukan garrantziaz jabetu daitezen, janaria gurekin batera prestatzera gonbidatzea da onena. Sukaldea eskola eta leku ona izan daiteke gure seme-alabak hezteko. Era horretan, sukaldea dibertigarria dela ikusi eta askoz hobeto elikatzen ikasiko dute; gainera, beste balore batzuk ere barneratuko dituzte, hala nola, erantzukizuna edo etxeko zereginetan kolaboratzeko beharra.

Aurreko mantala jantzi eta lanean hasteko garaia da! Oso txikitatik has gaitezke (5-6 urte) umeak gastronomiaren munduan sartzen; hasieran, lantxo errazekin, esaterako, jaki batzuk garbitu, arrautza-irinetan pasatu, osagaiak eskuz zatitu… Oso garrantzitsua da sukaldean dauden arriskuez ohartaraztea ere:labanak, suak…

Nutrizio-eskola paregabea ere bada sukaldea. Aprobetxa itzazu sukaldeko saio horiek elikagai bakoitzaren dohainak zeintzuk diren eta elikadura osasungarriak nolakoa behar duen azaltzeko. Horrela, beraiek janaria prestatuta, ulertuko dute ondoen etxean prestatutako janaria dela osasungarriena.

Erosketak egitera haurrekin joatea ere oso ideia ona da, izan ere, elikagaiak erosi egin behar direla ulertuko dute, ez direla ezerezetik sortzen. Erakuts iezaiezu produktuak aukeratzen, produktu freskoak eta sasoian sasoikoak, alegia. Erosketak egitea da elikadurari buruzko ezagutza barneratzen joateko beste modu bat.

Errezeta errazak

Badakigu, beraz, haurrekin sukaldean jardutea dibertigarria eta, gainera, hezitzailea dela, baina, zer presta dezakegu beraiekin? Ez dago lan handia eskatzen duen platerik prestatu beharrik; onena da gutxien gustatzen zaizkien produktuak prestatzea.

Adibidez, zuen haurrari fruta gustatzen ez bazaio, diseina ditzagun berarekin fruta plater dibertigarriak. Palmera tropikal bat sor dezakegu platanoak eta kiwiak erabilita, edo udare bati mamu forma eman diezaiokegu.Marrubiekin panpinatxo atsegin batzuk egin ditzakegu; baita tximeleta polit bat ere, laranja-trontzoak eta mahatsa erabilita.

Beste janari batzuetarako ere baliagarriak izan daitezke formarik dibertigarrienak, hala nola, arraina, barazkiak edo lekaleak prestatzeko. Gogora ezazu, azken batean, umeak direla eta dibertigarria den horrek haien arreta erakartzen duela.