
Elikadura osasungarria
Untxia: edonorentzako haragi perfektua
Untxia ehiza xeheko animaliarik adierazgarrienetakoa da, nahiz eta abeletxeetan ere hazten den. Untxiaren habitataren arabera, ezberdinak izango dira haren ezaugarri organoleptikoak. Horrela, bada, etxean hazitako untxiek koipe kopuru handiagoa dute eta haragi xamurragoa; aske bizi diren untxiek, aldiz, haragi gorriagoa eta gogorragoa dute, eta koipe kopuru txikiagoa.
Europako tradizio gastronomikoko haragia da untxiarena, eta garrantzitsua da horren preziatua den gure Dieta Mediterraneoan. Hain zuzen ere, untxia funtsezko osagaia da Espainiako eskualde jakin batzuetako sukaldaritzan, adibidez untxi gisatua, untxia baratxuriekin, arroza untxiarekin eta barraskiloekin, edo untxia eskabetxean.
Jaki ideala da asteko menuan sartzeko, ikusiko dugun bezala ezaugarri interesgarriak baititu. Haragi zuria da, koipe kopuru txikia duena eta erraz digeritzen dena, eta urte osoan eskura dezakegu. Gaur egun, gomendatzen da astean hiru errazio haragi gihar jatea, dauden mota ezberdinak tartekatuta. Noizean behin baino ez da kontsumitu behar haragi gorria.
Untxi-haragia:elikagarria eta koipe gutxikoa
- Kalitatezko proteina ugari: Gehien dituen bigarren osagai nagusiak proteinak dira, uraren atzetik. Hain zuzen ere, duen makro-mantenugai horren kopurua beste haragi batzuen batez bestekoa baino handiagoa da. Untxi-errazio batek pertsona heldu baten eguneko beharren % 70 asetzen du. Kontuan izan beharreko elikagaia da kirolarien dietan.
- Koipe eta kolesterol kopuru txikia: Aukera interesgarria da pisuari eusteko dietetan eta koipeak kontrolatu beharra duten pertsonen dietetan (hiperkolesterolemia edo gaixotasun kardiobaskularrak).
- Neurrizko gatz eta purina kopurua: Hipertentsioa duten pertsonek kontsumi dezakete. Halaber, haragi gorriekin alderatuta, purina-kontzentrazio txikia du; horrenbestez, egokia da azido uriko maila handia edo hezueria dutenentzako.
- B taldeko bitaminen iturria: B3 (koipeen, karbohidratoen eta proteinen metabolismoan parte hartzen du) eta B12 (ezinbestekoa globulu gorrien eraketan eta ehunen birsorkuntzan) bitaminak nabarmentzen dira. B3 bitaminaren eguneko beharrak ia aseta gelditzen dira untxi-errazio bakar batekin.
- Selenio- eta fosforo-iturria: Ahalmen antioxidatzaile handiko oligoelementua da selenioa (beharrezkoa kopuru txikitan), beraz, ehunen zahartzea prebenitzen du eta endekapenezko gaixotasunen aurrean babestu. Fosforoa hezurren egituraren osagaia da, eta ezinbestekoa da zelulen mintzen eta nerbio-ehunen eraketan.
Era berean, aukera paregabea da txikientzako, digeritzeko eta mastekatzeko erraza baita, eta proteina kopuru handia baitu. Txikienen pureetan sar daiteke, edo hezurrik gabeko zati txikitan eskain diezaiekegu.
Haragi oso goxoa da, gainera, eta modu askotan presta daiteke. Betegarri gisa balio dezake, edo eskabetxean, konfitatuta, tenpuran, gisatuta, lekaleekin eta beste hamaika modutan presta daiteke. Familia osoarentzako osagai ideala.
Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista |