Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Sasoiko produktua

Salda, zopa edo kontsomea: platerok biribiltzeko trukuak eta errezetak

Inoiz hutsik egiten ez duen lehen plater klasikoa da. Neguko jatordu arrunt batean gorputza berotzeko, familia-bazkari batean sarrerako modura, edo Gabonetako afari oparo batean bidea prestatzeko, ongietorriak dira salda goxo bat, zopa eder bat edo kontsome zaporetsu bat. Baina, gauza bera al dira? Berdin prestatzen al dira?

Jende askok salda hitza erabiltzen du zopaz edo kontsomeaz hitz egiteko eta, antzerakoak diren arren, badaude haien arteko alde batzuk, bakoitzari bere izena emateko ezagutu beharrekoak:

  • Salda: animalia- edo landare-jatorriko jakiak uretan egostearen ondoriozko likidoa.
  • Kontsomea: krustazeoak, arraina, hegaztiak edo haragiak likido batean denbora luzez egostearen emaitza. Salda argia da (koipea kendu eta iragazitakoa), eta kontzentratuagoa.
  • Zopa: saldari osagai solidoak gehituta lortzen da (barazkiak, lekaleak, haragiak, arrainak, pastak, etab.).

Alde horiek dituzten arren, hirurak dira neguko plater tipikoak, edozein egun hotzetarako egokiak. Era askotara presta daitezke, ukitu ezberdin bat emateko askotariko osagaiak gehituta. Oro har, hauexek dira zopak, saldak edo kontsomeak biribiltzeko trukuak:

  • Erabil ezazu ur mineral naturala, zapore arraroak saihestu nahi badituzu. Iturriko ura erabil dezakezu, kare kopuru txikia baldin badu eta kloro zaporerik ez badu.
  • Barazkiak aukeratzerakoan, ez zaitez urri ibili, zapore sakonagoak lortuko dituzu.
  • Erabil ezazu hainbat haragi gihar. Erabili urdai eta gantz ahalik eta gutxien. Aukera ezin hobeak dira oilaskoa, hegazti-kontsome tentagarri bat prestatzeko, edo behi-zankarroia, haragi-kontsomeari zapore gorena emateko.
  • Harkaitzetako arrainekin egiten dira arrain-zoparik onenak. Zapo on bat izango da arrain-kontsomearen osagai nagusia.
  • Ez ahaztu hezurrak ere gehitzeaz, zaporea biziagotzeko.
  • Egosterakoan, kendu gainazaleko koipea eta lohitasunak bitsadera batekin; horrela, salda finagoa lortuko duzu.

Ba al duzu salda, zopa edo kontsomea prestatzeko truku edo errezetaren bat, arrakasta izan dezazun?