Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Kroketa osasungarriaren goraipamena

Posible al da kaloria gutxiko kroketa osasungarriak egitea? Noski baietz. Kroketa osasungarriagoak egiteko aholku erabilgarri batzuk emango dizkizuegu. Lagungarriak izango dira, Gabonetako gehiegikerien ondoren gure burua zaintzen ari garen honetan. Erabil itzazue truku hauek, kroketak arinagoak izan daitezen!

Betegarri osasungarria

Zakoteak, hestebeteak eta gazta onduak saihestea komeni da, eta horien ordez gazta freskoa, ortuariak (brokolia, azalorea, ziazerbak, kuia, alberjinia), arrainak edo itsaskiak (izokina, bakailaoa, hegaluzea, ganbak...) eta haragi zuriak (oilaskoa eta indioilarra) erabiltzea.

Bexamel arina

Bexamela da kroketa ororen gakoa, mokadu bakoitzean fintasun berezi hori ematen diguna.  Baina, nola arindu dezakegu? Bexamel-saltsa arinagoa egiteko, esne gaingabetua edo landare-edari bat eta irin integrala, kinoa-irina edo beste zerealen baten irina erabil dezakegu.

Ba al zenekien zenbat eta krematsuago eta finagoa izan kroketa, orduan eta arinagoa izango dela? Krematsutasun handiagoa emateko eta, aldi berean, bexamela murrizteko, gazta fresko gaingabetua edo jogurt naturala bota diezaiokegu, irabiatuta.

Arrautzeztatu osasungarriagoa

Betiko irina, arrautza eta ogi birrinduaren ordez, zuntz kopuru handiko arrautzeztatua egitea, mantenugai osasungarriagoak izango dituena. Ogi integral birrindua (etxean egindakoa bada hobe) edo kinoa edo olo malutak erabil ditzakegu.

Beste aukera osasungarri bat da fruitu lehorrak irin integral pixka batekin, gari- edo olo-zahiarekin, kinoa-irinarekin edo arto-irinarekin birrintzea; izan ere, irin zuriak baino zuntz gehiago dute horiek guztiek.

Frijituta baino hobe, labean

Kroketak zartaginean edo frijigailuan bakarrik presta daitezkeela uste zenuen? Oker zeunden. Labean prestatzea da osasungarriena, itsaspenaren aurkako edo olio pixka batez bustitako plaka batean.  Hori bai, erdi eginda daudenean biratu egin behar dira, alde bietatik txigor daitezen.

Frijituta bakarrik jan nahi dituztenentzako, zartaginean su ertainean txigortu behar dira, oliba-olio birjina estrapixka batekin, jakina. Gogora ezazu ez dela komeni gehiegi txigortzea!

Aholku horiek kontuan izanda –barrutik elikagarriak, irin findurik gabe arrautzeztatuak eta modu osasungarrian kozinatuta– benetako kroketa goxo, osasungarri eta erakargarriak lor ditzakegu.

Badituzu osagai guztiak? Begiratu BM Supermerkatuen online dendan, osagairen bat falta baduzu ere.

Truku batzuk, amonak zure kroketen inbidiatan gera daitezen

  • Kinoa- edo olo-malutek testura kurruskaria ematen diote kroketari, erraz itsasten dira arrautzara.
  • Olioa bero-beroa dagoenean (170ºC-180ºC, kea dariola hasi baino lehen) bota behar dira kroketak zartaginera. Bestela, olio eta koipe gehiago xurgatuko dute.
  • Arrautzeztatu-geruza fina lortu behar da, estaltzeko beharrezkoa dena soilik erabilita.
  • Betegarrirako haragia gantz gutxikoa izan behar da; horregatik, ez da azala erabili behar.