
Elikadura osasungarria
Zerealak gosaltzeko baino ez dira, ala ez?
Normalean, goizean, gosaltzeko, jan ohi ditugu zerealak, energia asko ematen baitute: karbohidrato asko dituzte (% 60 inguru 100 g-ko), baita zuntzak (% 5 eta 10 artean), bitaminak (batez ere, B taldekoak) eta mineralak (kaltzioa, burdina, potasioa, magnesioa) ere.
Hala ere, zerealak gero eta gauza gehiagotarako erabiltzen dira sukaldean, eta aukera gastronomiko ugari eskaintzen dituzte. Hona hemen zerealak bazkarian edo afarian erabiltzeko ideia batzuk:
- Erabil itzazu janaria ogitan pasatzeko. Hartu gosaltzeko erosi ohi ditugun corn flakes tipikoak eta birrin itzazu testura egokia lortu arte. Ondoren, erabil itzazu, adibidez, oilasko-bularkiak ogitan pasatzeko, irinean eta arrautzan pasatu ondoren. Testura superkurruskariak harrituta utziko zaitu, eta ziur oso gustuko izango dutela etxekoek; batez ere, txikienek. Aplikatu teknika bera kroketak, oilasko finger edo nugget delakoak, arraina… prestatzeko.
- Ukitu kurruskaria duten bolatxoak. Arto-maluta ehotzen baduzu, beste osagai batzuekin nahasi ahal izango duzu, eta trufak dituzten errezetak egin, txokolatezko edo gaztazko bolatxoak estali, haurrentzako festetarako piruletak egin…
- Zerealez egindako oinarria duten tartak. Adibide onenetako bat gazta-tarta da, zereala birrintzen baduzu (adibidez, olo-maluta ehotuak; bihi osoko zerealak, zuntz gehiago nahi bada; edo txokolatezkoak, gozoago geratzeko), oinarria egiteko erabili ohi diren betiko gailetak edo bizkotxoa ordeztu ahal izango baitituzu. Hori bai, zerealak ez dituzu zertan erabili oinarria egiteko soilik, baizik eta baita txokolatezko estaldura apaintzeko edo, zuzenean, pastel bat egiteko ere, irinaren ordez zerealak erabilita.
- Sushi desberdina. Errezeta original batzuetan, tradizionala ez beste zapore bat duen sushia prestatzen da zerealetan eta hazietan oinarrituta. Erraz aurki daitezkeen errezeten ideiak: amarantozko sushia kinoarekin, uramakia ahuakatearekin eta sesamo-haziekin… Probatu nahi?
- Izozki gozoa. Hura prestatzeko, erabili osagai jakin batzuk (besteak beste, esnea, frutak eta jogurta) eta irabiatu dena; ondoren, gehitu zereal erreak eta izoztu dena. Edo, bestela, zuzenean jogurtari edo fruta-mazedoniari gehi diezazkiokezu zerealak.
- Zerealezko gailetak. Erraz egiten dira, eta, gainera, osagai asko gehi diezazkiokezu, hala nola txokolatea, pinoiak, sesamoa, mahaspasak, kanela, etab. Zereal mota aukeratzerakoan, askotariko zereal-malutak aukera ditzakezu; adibidez, oloa, espelta eta garagarra.
- Haragirik gabeko hanburgesak. Imajinazio apur bat behar da, eta hanburgesa «pertsonalizatuak» egin; adibidez, artatxikia eta barazkiren bat (besteak beste, kuia, oloa txanpinoiekin…) erabilita. Esperimenta dezagun!
- Nola bete barazkiak? Bete alberjiniak edo kuiatxoak gustuko duzun eta ongi geratzen zaion zereal edo haziren batekin. Zer deritzozu alberjiniak kinoaz edo artatxikiz betetzeari?
- Zereal-barratxoak. Snack ezin hobea da otordu artean zerbait jan ahal izateko eta jarduera fisikoren bat egin aurretik energia hartzeko. Gainera, etxean ere egin ditzakezu; adibidez, olo-malutekin eta azukre gehiegirik gabe!
- Entsaladetarako garnizio gisa. Letxuga- eta tomate-entsalada klasiko bat plater original bihurtu nahi baduzu, gehitu osagai sanoak; adibidez, gari sarrazenoa eta kinoa.
Ikusten zenbat aukera dituzun? BM supermerkatuetan, gehien gustatzen zaizkizun zereal-marka eta -barietateak eskuratu ahal izango dituzu, zuntzaren onurak emango dizkiozu zure organismoari, eta gosaltzeko baino askoz ere gauza gehiagotarako erabil daitezkeela ikusiko duzu.