
Elikadura
Kinoa, proteina ugariko “superelikagaia”
Kinoa jada ez da gauza berri bitxi bat, eta ia elikagai-eskaintza guztietan ikusten dugu; merezita irabazi du “superelikagai” izena. Izan ere, ezaugarri on ugari ditu nutrizioaren aldetik, eta bizimodu osasuntsu bat eraman nahi duten gero eta pertsona gehiagok jaten dute.
Andeetakoa da jatorriz, eta inken garaian elikagai sakratua zen; gaur egun ere Peruko, Boliviako eta Ekuadorreko lurralde garaietan hazten da (3.000-4.000 metroan).
Zereal baten moduan jaten eta prestatzen da kinoa, baina hazi bat da berez, eta zerealek baino proteina eta koipe asegabe gehiago ditu.
KINOAREN PROPIETATEAK
Kinoa “superelikagai” bat da, hainbat arrazoi direla eta. Alde batetik, proteina ugari dituelako, zeinek aminoazido esentzial guztiak ematen baitizkigute (zerealek eta lekaleek ez bezala, ez baitute lisinarik eta metioninarik, hurrenez hurren). Kalitate handiko proteina horiek direla eta, kinoa funtsezkoa da begetariano eta beganoentzat; hala ere, onuragarria da pertsona guztientzat.
Bestalde, kinoa egokia da zeliakoentzat, ez baitu glutenik; eta egokia da, halaber, diabetikoentzat, gluzemia-indize baxukoa baita.
Hona hemen kinoaren beste ezaugarri on bat: koipe asegabeak (adibidez, omega 3 eta 6) eta antioxidatzaileak (kertzetina) ditu, eta, beraz, bikaina da kolesterol-maila altuen eta arazo kardiobaskularren kontra.
Gainera, kinoa lagungarria izan dakiguke pisua galtzeko dietetan, proteina eta zuntzetan aberatsa izanik, metabolismoa areagotzen duelako eta asetasun-sentsazioa ematen digulako.
Orain badakizu zergatik den “superelikagai” bat!
NOLA PRESTATU KINOA?
Kinoa, txia bezala, hazi bat da, baina zerealen moduan kontsumitzen da. Zapore gozokoa da, baina batzuetan mikatza izan daiteke, haziek saponinak baitituzte kanpoaldean (yukak eta ginsengak ere badituzte).
Kinoari zapore mikatza kentzeko, ondo garbitu behar da urarekin pare bat minutuz iraztontzi batean, ahalik eta garbiena uzteko.
Garbitu ondoren, egosi egingo dugu; kinoa baino bi aldiz ur gehiago jarri behar dugu. 10 minutuz su txikian egosi, eta prest dugu nahi beste errezetatan erabiltzeko! Hona hemen bi proposamen kinoarekin egiteko:
- Kinoa salteatua barazki eta otarrainxkekin
- Kinoa-rissoto beltza txibiekin
KONPOSIZIO NUTRIZIONALA (100 g-ko)
Zerealak baino aberatsagoa da nutrizioaren aldetik.
- Kaloriak: 399 kcal
- Karbohidratoak: 69 g
- Koipea: 6,5 g
- Proteinak: 16,5 g (aminoazido esentzial guztiak ditu).
- Zuntz disolbaezina: 10-16 g, disolbaezina, batez ere.
- Zuntz disolbagarria: 1,5 g
- Bitaminak, batez ere B taldekoak, eta, bereziki, tiamina (B1).
- Mineralak: Kaltzioa (148,7 mg), burdina (13,2 mg), magnesioa (250 mg), fosforoa (383 mg), potasioa (926,7 mg) eta zinka (4,4 mg).
![]() |
Dra. Marta Aguirre. Nutrizioa y Medikuntza estetikoa |