Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura

Sar itzazu plater beganoak zure dietan

Elikadura beganoa edo begetarianoa aukeratzen dutenek, osasun kontuengatik hartzen dute erabaki hori askotan; izan ere, animali jatorriko proteinak beharrezkoak diren arren gure organismoarentzat, gehiegi kontsumitzea kaltegarria izan daiteke. Haragi, arrain, arrautza eta animali jatorriko bestelako proteina gehiegi kontsumitzen badugu, gantz ase eta kolesterol gehiegi sartzen ariko gara gure gorputzari, gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua handituz eta organo batzuk gainkargatuz, hala nola, gibela eta giltzurrunak.  

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gai horren inguruan ematen duen gomendioa da norberaren kilo bakoitzeko 0,8 gramo eta gramo bat artean kontsumitzea egunero, pertsona heldu eta osasuntsuen artean, ez badira atletak edo haurdun dauden emakumeak. Baina inork ez du esaten proteina horiek animali jatorrikoak izan behar direnik. Ainhoa Prat nutrizionistak gogorarazten digun bezala, “proteinak ez datozkigu animaliengandik soilik”; izan ere, lekaleetan, zerealetan, fruitu lehorretan eta hosto berdeko barazkietan ere aurki ditzakegu.

Egia da animali jatorriko proteinak landare jatorriko proteinak baino aminoazido kopuru handiagoa izaten duela, oro har. Zentzu horretan, gure nutrizionistak gomendatzen digu landare-elikagaiak konbinatzea proteinaren balio biologikoa handitzeko. Adibidez, zerealak eta lekaleak nahas ditzakegu plater berean: dilistak arrozarekin, kus-kusa txitxirioekin, pasta ilarrekin… Horiexek dira egin daitezkeen konbinazioetako batzuk. Zerealak fruitu lehorrekin edo haziekin ere konbina daitezke: dilista entsalada intxaurrekin, edo arroza arbendolekin, esaterako. 

Halaber, badaude landare jatorriko elikagai batzuk kinoa eta artobeltza, besteak beste–, gure organismoari behar dituen aminoazido esentzial guztiak dauzkatenak eta, beraz, ez dute konbinazio beharrik.

Haragirik gabeko astelehenak

Landare jatorriko proteinen kontsumoa handitzeak onura asko dauzka gure osasunerako.

  • Zuntz gehiago jasoko dugu, eta horrek idorreriari aurre egiten lagunduko digu
  • Proteina mota horrek ez dauka gantz aserik eta kolesterolik.
  • Errazago digeritzen dira.
  • Bitaminak, mineralak eta asimilazio mantsoko karbohidratoak dituzte.

Horregatik guztiagatik, Ainhoak “Haragirik gabeko astelehenak” mugimenduarekin bat egitera animatzen gaitu; nazioarteko mugimendu horrek haragi kontsumoa murriztea sustatu nahi du, osasuna hobetzeko helburuz. Izan ere, ez dugu esan nahi erabat alboratu behar dugunik, murriztu egin behar dugula baizik. Horregatik, ondo legoke, noizean behin, zure mahaian plater beganoren bat zerbitzatzea, erabat begano bihurtu beharrik gabe.