
Osasuna
Diabetesa, zer den eta nola prebenitu
Diabetesa gaixotasun kronikoa da, eta pankreasak nahikoa intsulina sortzen ez duenean (1 motako diabetesa) edo organismoak sortutako intsulina eraginkortasunez erabiltzen ez duenean (2 motako diabetesa) agertzen da. Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi duen bezala, gehitzen ari da gaixotasun hau. Gero eta gehiago dira gaixotasun hori duten 18 urtetik gorako pertsona helduak; horregatik, garrantzitsua da diabetesa prebenitzeko moduan arreta jartzea
Lehenik eta behin, dauden diabetes motak bereizten jakin behar dugu, denak ezin baitira prebenitu. 1 motako Diabetesa (intsulina-mendekoa)nahikoa intsulina sortzen ez duten pertsonek izaten dute eta, beraz, hormona hori hartu beharra izaten dute egunero; 2 motako Diabetesa (intsulina-mendekoa ez dena), berriz, gure gorputzak sortzen duen intsulina eraginkortasunez ez erabiltzearen ondorioz sortzen da. Azken horri dagokio munduko diabetes kasuen % 90 eta, garai batean “helduen diabetesa” deitzen zitzaion arren, gero eta 2 motako diabetes kasu gehiago dago gazteen eta, are, haurren artean. Igoera esanguratsu hori zuzenean lotuta dago egungo bizi-estiloarekin, batzuetan elikadura desegokian eta sedentarismoan oinarritzen dena. Halaber, obesitateak ere zerikusi handia dauka. Diabetesaren Fundazioaren datuen arabera, 2 motako diabetesa duten pertsonen % 85ek gehiegizko pisua du.
Datu horien alde ona da, 1 motako diabetesarekin gertatzen ez den bezala –diabetes mota horren arrazoiak ez dira ezagutzen–, 2 motako diabetesa prebenitu egin daitekeela.
NOLA PREBENITU 2 MOTAKO DIABETESA
2 motako diabetesa prebenitzeko gomendioen arabera, ezinbestekoa da elikadura egokia eta jarduera fisikoa uztartuko dituen bizi-estilo osasungarria izatea. Honako hauek dira Osasunaren Mundu Erakundeak eta Diabetesaren Fundazioak ematen dizkiguten aholkuetako batzuk:
- Gorputz-pisu osasungarria: Aipatu dugun bezala, gehiegizko pisua da diabetesaren etsai nagusia; horregatik, obesitatea baldin badago, funtsezkoa da gorputz-pisuaren % 5 eta % 7 artean jaistea.
- Azukrea eta gantz aseak: Dieta osasungarria izateko, azukrea eta gantz aseak kontsumitzea saihestu behar dugu. Egunero kontsumitzen dugun kaloria kopuruaren % 10 baino gutxiago izan behar dira gantzok.
- Karbohidratoak: Frutak, barazkiak, lekaleak, zereal integralak eta esnekiak. Horixe izan behar da karbohidratoen gure iturri nagusia.
- Zuntza: Ez ahaztu zure dietan zuntza sartzea, 15 bat gramo zuntz natural egunean hartzen dugun 1.000 kaloria bakoitzeko.
- Alkohola eta tabakoa: Denok dakigu osasunerako kaltegarria dela tabakoa eta alkohola kontsumitzea. Kasu honetan, horiek ez kontsumitzea gomendatzen da, diabetesa izateko arriskua handitzen baitu.
- Egin ihes sedentarismoari: Dieta osasungarriak ez du ezertarako balioko, egun osoa sofan eserita igarotzen badugu. Gomendagarria da astean bost egunez, egunean 30 minutuz ariketa fisikoa egitea. Jarduera fisikoa egiteko modu asko dago, ez dago esfortzu handirik egin beharrik; egunean ibilaldi luze bat egiteak, esaterako, sasoiko egoten lagunduko digu. Hala ere, boladan dagoen kirolen bat ere egin dezakegu, eta korrika egiten has gaitezke. Korrika egiten hastea denon eskura dagoen aukera da!
DIABETESAREN MUNDU EGUNA
1991n, Diabetesaren Nazioarteko Federazioak eta Osasunaren Mundu Erakundeak, diabetesak munduan duen eragina handitzen ari dela ikusita eta kezkatuta, diabetesaren mundu eguna izendatu zuten azaroaren 14a, gaixotasun horren inguruko kontzientziazioa bultzatzeko. Egun hori aukeratu zen Frederick Bantingek, Charles Bestekin batera, 1921ean intsulina deskubritzera bideratuko zituen ideia sortu zuen egunaren ohoretan.