
Sasoiko produktu
Hegaluzea, Kantauri itsasoko erregea
Hegaluzea, edo atunzuria, harro egon daiteke bere espezieko goxoena eta finena izateaz. Talde handitan iristen da Kantauri itsasora udan zehar, eta trebetasun eta antolaketa handia behar da arrantzatzeko, banan-banan arrantzatzen baita beita biziz. Horregatik, hegaluzeaz hitz egiten dugunean, askotan amuko hegaluzea esaten dugu.
Beita biziarena berrogeita hamarreko hamarraldi amaieran iritsitako teknika da.Lau eta sei metro arteko kanaberak erabiltzen dira hegaluze-masen gainean; aldizka arrain biziak botatzen dira uretara, hegaluzeak itsasontzi ondora erakartzeko eta han mantentzeko. Beita gisa erabilitako espezieak arrain txikiak dira; hala nola, antxoak, sardinak, txitxarrotxoak eta berdel txikiak.
Hegaluzearen dohainak
Arrain urdin ezagun honek dituen dohainak ere ezagunak dira. Koipe gutxi dauka (% 6), atunak baino gutxiago, eta balio biologiko eta mineral handia (fosforoa, kaltzioa eta burdina), bai eta bitaminak ere (A, D, B taldea, batez ere, B3), oso interesgarriak hezur-sistemarako eta ikusmenerako.
Arantza Lopez-Ocaña mediku eta nutrizionistaren arabera, gure arrain hau omega 3 gantz-azido asegabe ugari duelako nabarmentzen da (6 gramo 100 gramo bakoitzeko); gantz-azido horiek garrantzi handikoak dira, besteak beste, sistema kardiobaskularrak ondo funtziona dezan.
Onura horiek ez ditugu izango freskoan kontsumituta soilik. Kontserbako hegaluzea osagai antioxidatzaileen iturri garrantzitsua da, eta osagai horiek oso lagungarriak dira hainbat minbizi mota prebenitzeko.
Hegaluzea sukaldean
Eta osasungarria izateaz gain, oso goxoa. Hegaluzea dieta mediterraneoaren funtsezko pieza da, eta gehien kontsumitzen diren itsasoko gutizietako bat bihurtu da, batez ere, oso erraza delako beste janari askorekin uztartzea. Hor ditugu, besteak beste, euskal marmitakoa edo kantabriar marmita, bai eta japoniar tatakia ere; ehunka dira modu askotara moztuta dasta ditzakegun errezetak. Hegaluzea oso-osorik aprobetxatzen da.
- Isatsa: Behin garbitu ondoren, edozein gisatu edo kaldereta egiteko ezin hobea da hegaluzearen haragia.
- Trontzoak: Oso goxoak eta modu askotara prestatzeko oso errazak: tipularekin, tomatearekin, parrillan… edo are, tenpuran. Egin ezazu froga bi saltsadun itsasoko eta baratzeko errezeta honekin.
- Kokotea: Oso urintsua, ezin egokiagoa marmitakoa edo marmita prestatzeko.
- Solomoak: Haragi giharra, hezurrik gabea, tatakia plantxan prestatzeko… are, gordinik jateko.
- Mendrezka: Bere koipe osasungarriari esker, oso egokia da labean edo parrillan prestatuta dastatzeko.
Aukeratu al duzu gaur prestatuko duzun pieza? Goza ezazu!