
Elikadura osasungarria
Gure hortzak eta hortzoiak indartzen dituzten jakiak
Aho-higiene egokia mantentze da hortz-osasun on baterako lehendabiziko manamendua. Izan ere, egunero otordu bakoitzaren ondoren edo zerbait jan ondoren hortzak ez eskuilatzeak arazoak ekar ditzake, hala nola kariesak, hortzoietan minberatasuna edo bestelako gaitz periodontalak, hortzen bat galtzea eragin dezaketenak.
Baina ahoaren eta hortzen osasunerako ez da nahikoa higiene on bat, garrantzitsua da elikadura ere. Badaude hortzeria kalte dezaketen jakiak. Besteak beste, azukre kopuru handia dutenak. Era berean, badaude gure hortz-osasuna hobetzen lagun diezaguketenak ere.
Hona hemen hortzoiak eta hortzak indartzen laguntzen duten jaki horietako batzuk:
- Esnekiak.Kaltzio kopuru handia dutenez, hezurrak indartzeaz gain, zure hortzak indartzen ere lagunduko dizute. Esneak fosforoa eta C eta D bitaminak ditu. Gaztak, berriz, kariesak prebenitzen lagun diezazuke, ahoan pH maila handitzen baitu. Gainera, kaseina dute, esmaltea indartzen laguntzen duen proteina.
- Azenarioak: A bitamina iturri aberatsa da, hortzak eta hortzoiak indartzen laguntzen duen bitamina. Zuntza ere badute, listuaren produkzioa estimulatzeko eta hortzak garbitzen laguntzeko balio duena.
- Sagarrak: Bitaminak eta mineralak izateaz gain, hozkadaka jaten bada, gure hortzen garbitzaile natural gisa balio digu. Listu-jariatzea ere estimulatzen du, eta horrek ahoko bakteriei aurre egiten laguntzen du.
- Mandarinak eta laranjak.Kontuz! Hortzetarako onuragarriak diren arren, zitriko gehiegi jatea kaltegarria izan liteke esmalterako.
- Piper gorria. C bitamina kopuru handienetakoa duen jakia da –laranjek baino askoz gehiago–, beraz, zitrikoen alternatiba ona da.
- Brokolia:Kaltzio eta C bitamina kopuru handiko barazkia da; bi mantenugai horiek oso garrantzitsuak dira hortz-osasunerako. C bitamina beharrezkoa da kolagenoa sortzeko; hortzoiak osasungarri mantentzen laguntzen duen proteina da kolagenoa.
- Arrain urdina.Hegaluzea, izokina, sardinak, berdela eta D bitamina eta Omega 3 kopuru handiko beste arrain batzuk. Omega-3 koipeak hortzoiak eta hortzak indartzen laguntzen du.
- Te berdea:Katekina izeneko antioxidatzaileak ditu, hanturaren aurkako efektuak dituztenak, eta hortzoietan infekzioak izateko eta hortz-plakak sortzeko arriskua murrizten laguntzen dutenak. Adi! Kafearekin gertatzen den bezala, hortzen kolorea iluntzea eragin dezake te gehiegi kontsumitzeak.
- Fruitu lehorrak:Intxaurrak, arbendolak eta hurrak hortz-osasuna zaintzeko lagungarriak dira, magnesioa baitute, hortz-egituraren parte den minerala. Nabarmentzekoak dira pistatxoak ere, duten kaltzio kopuruagatik.
Gogoratu, bisita ezazu zure dentista eta hartu kontuan hark ematen dizkizun aholku guztiak.