Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Gazta, kaltzio-iturri bikaina... eta hori baino askoz gehiago

Gazta produktu freskoa edo ondua da, gazura kendu ondoren gaztanbera onduta eskuratzen dena. Gazta barietatea handia dugu, erabiltzen den esnearen, gazta egiteko metodoen eta heldutasun-mailaren arabera. Bakteriek azidotzen  dute esnea, eta gazta gehienen testura eta zaporea definitzen dute.

Esnea ingurune-baldintzetan kontserbatzeko modurik antzinakoenetakoa da gazta, izan ere, gatza gehitzerakoan, gehigarri horren funtzio kontserbatzailea aprobetxatzen da; ondorioz, bere nutrizio-balioa kontzentratzen duen esnekia lortzen da, oso goxoa eta askotarikoa, kultura guztietan tradizio handia duena.

Artisau erako gaztak edo artzain-gaztak artisau eran egiten direnak dira; banan-banan egiten dituzte, gaztagilearen zuzeneko lanarekin, eta produktua egiteko prozesu osoaz arduratzen da artzaina, esnea aukeratzetik hasi eta gazta ontzen den arte, itxarote-denborak zainduz, ezinbestekoak direnak azken produktu perfektu bat lortzeko.

Industria-gaztekin alderatuta, artzain-gaztek esne gordina (pasteurizatu gabekoa) erabil dezakete, produktuari zapore biziagoa ematen diona eta, produktu bihurtzeaz gain, benetako esperientzia gastronomiko bilakatzen duena.

Gaztaren dohainak

  • Kaltzio eta fosforo kopuru handia: Kaltzio-iturri bikaina da. Gazta ondu errazio batek mineral horren eguneroko beharrak ase litzake pertsona helduetan. Ezinbesteko minerala da hezurrak eta hortzak mantentzeko eta osteoporosia prebenitzeko. Aldi berean, nabarmentzekoa da fosforo kopuru handia duela; gorputzeko hainbat egitura eta molekularen osagai izateaz gain, osteoporosia prebenitzen ere laguntzen du fosforoak.
  • D bitamina du: Eguzkia da D bitamina iturri nagusia. Dietak ez du D bitamina kopuru handirik, elikagai gutxitan baitago (izokina, berdela, arrautza-zuringoa, esnea eta zereal indartuetan). Gaztak ere badu D bitamina, garrantzitsua dena kaltzioaren xurgapenerako eta, beraz, baita osteoporosia prebenitzeko ere.
  • Balio biologiko handiko proteinak: Balio biologiko handiko proteinak dira, hau da, aminoazido esentzial guztiak dituzte, hots, gure organismoak sintetizatu ezin dituenak eta, beraz, dietatik lortu behar dituenak. Xurgapen-tasa handiagoa dute eta hobeto erabiltzen ditu organismoak.
  • B bitamina kopuru handia: Gaztak B taldeko bitamina kopuru handia du, B12 bitamina batez ere; globulu gorrien sintesian laguntzen du, eta zelulen heltze-prozesuan laguntzen. Azido folikoa ere badu; haurdunaldian kontzentrazio egokietan egon behar da, ezinbestekoa baita umekiaren nerbio-sistemaren garapenerako (beti ere pasteurizatutako esnearekin egindako gaztak, toxoplasmosia sahiesteko).
  • Elikagai probiotikoa: Gazta esneki hartzitua da eta, beraz, probiotikoak ditu, hau da, hesteetara iristen diren eta hura kolonizatzen duten bakteria bizidunak; horrela, hesteen mikrobiota aldatzen dute eta eragin onuragarriak sortu, hala nola infekzioak izateko arriskua murrizten da, eta antibiotikoek eragindako beherakoa hobetzen da. Berriki egindako azterlan batzuek diote lagungarria izan daitekeela hiperkolesterolemia kasuetan, eta obesitatea duten pertsonen kasuan, gantz kopurua murrizteko.

Beraz, ondorio gisa, esan dezakegu esnekiak (baita gazta ere) elikagai osasungarriak direla dieta aberats eta orekatu baten testuinguruan. Eguneko bizpahiru erraziokoa da elikagai hauen gomendatutako errazioa.

Hala ere, kontuan izan behar da zenbat eta onduagoa izan gazta, orduan eta txikiagoa dela duen ur kopurua eta handiagoa energia-balioa, koipe kopurua eta sodio kopurua. Beraz, noizean behin jatekoak dira gazta onduak hipertentsioa duten edo kaloria kopurua murriztuta duten dietak dituzten pertsonentzat; gazta onduen ordez, gazta freskoak edo gaztanbera kontsumi dezakete.

  Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista