Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Gabonak gozatzeko postre osasungarriak

Gabonak gainean ditugun honetan, behin eta berriz agertzen zaizkigu postre tipikoak bazkari eta afarietan. Sasoi honetako ohiko azukredun postreetako batzuk ordezteko bi alternatiba goxo eta ideal proposatuko dizkizut.

Azenarioa eta banana: gozagarri naturalak

Zer iruditzen zaizu azukrerik eta edulkoratzailerik gabeko magdalena goxo batzuk prestatzeko azenarioak eta bananak erabiltzea? Fruta eta ortuari horiek emango diete magdalenei behar duten gozotasuna eta, gainera, baita mantenugai kopuru handia ere.

Potasio eta B6 bitamina kopuru handia dute bananek, muskuluek eta nerbio-sistemak ondo funtziona dezaten garrantzitsuak direnak; azenarioa, berriz, A bitamina iturri garrantzitsua da. Ikusmena, larruazala eta mukosak zaintzen laguntzen du bitamina horrek.

C bitamina ere badu, sistema immunearen aliatu ezaguna eta, gainera, organismoak burdina absorba dezan laguntzen duena. Errezeta honetan, gari-irina erabili beharrean, arbendola-irina erabiliko dugu, zeliakoentzako egokia dena.

Bitaminak, mineralak eta antioxidatzaileak ere emango dizkigu, eta beste irin batzuek baino asetzeko gaitasun handiagoa du. Kanela, banilla eta jengibrea ere antioxidatzaile kopuru handiko espeziak dira, eta organismoa erradikal askeek eragindako gaixotasunetatik babesten laguntzen digute.

Gogora ezazu bananen eta azenarioen azala aprobetxatzeko truku hau ere.

Kokoz etxean egindako postrea

Prestatzeko oso erraza den postre bat proposatuko dizut orain; gainera, etxeko txikienek lagun diezagukete prestatzen. Osagaiak nahastu eta bola txiki batzuk osatu besterik ez da egin behar.

Errezeta honek ez du azukre edo edulkoratzaile gehigarririk. Horren ordez, datil-pasta erabiltzen da bolatxoak gozatzeko, datilek azukre kopuru handia baitute, baina baita mineralak ere, hala nola potasioa, magnesioa eta burdina. Zuntz-iturri dira, gainera, beraz, onura asko eskaintzen diote postre honi.

Kokoak gainerako frutek baino koipe kopuru handiagoa du; kate ertaineko triglizeridoak ditu, energia-iturri bikaina direnak, berehala abosrbatzen baitira heste meharrean.

Mineral-iturri ere bada, manganesoa du, besteak beste, metabolismorako eta hezurren osasunerako funtsezko minerala. Kobrea eta burdina ere baditu –globulu gorriak eratzen laguntzen du–, eta selenioa, antioxidatzaile indartsua.

Onura ugari duen arren, kontuan izan behar da kaloria kopuru handiko postrea dela, beraz, ez litzateke gosari edo askari baten ordezko izan beharko, baina kalitate eskasagoko azukre eta koipe kopuru handiagoak dituzten Gabonetako beste gozo tipiko batzuen alternatiba bikaina da.

Ba al duzu Gabonetarako postre alternatiborik?

  Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista