Aholkuak
Fruitu lehorrak: txigortuta, frijituta edo gazituta... zein aukeratu?
Supermerkatuan fruitu lehorren korridorera iritsi eta, bat-batean, aukera mordo bat aurkitzen dituzu aurrez aurre: intxaurrak azal eta guzti, arbendola txigortuak gatzik gabe, anakardo frijituak, nahasketa kurruskariak eztiarekin, edo hur gordinak. Elikagai bera horrenbesteko modutara aurkez daiteke, ezen normalena saskian zein sartu zalantza egitea baita...
Fruitu lehorrek, gantz asegabeak, zuntza, proteina begetalak, bitaminak eta mineralak dituzte. Gainera, errazak dira entsaladekin, jogurtekin, kremekin, koilara-platerekin edo, besterik gabe, mokadu gisa jateko, batez ere energia estra bat lortzeko, hilabeterik hotzenetan.
Baina ez dira denak berdinak. Txigortzeak, frijitzeak edo gatza, azukrea edo beste osagai batzuk botatzeak aldatu egiten du azken produktua. Kasu bakoitzean produktua nola aldatzen den jakiteak, produkturik egokiena aukeratzen lagunduko digu.
Fruitu lehor bera, modu askotara
- Naturalak (gordinak): Hau da, fruitu lehorra bere horretan, zurituta edo azal eta guzti, berotu gabe eta bestelako osagairik gehitu gabe. Horri esker, bere horretan mantentzen ditu bere koipe- eta mantenugai-profilak.
- Txigortuta: Berotasun lehorrez eraldatzen dira, zaporea biziagotzeko eta testura kurruskaria lortzeko. Txigortze-prozesuak eraldatu egin ditzake mantenugai batzuk, fruitu lehorraren eta prozesuaren baldintzen arabera, baina gatzik, azukrerik eta koiperik gehitu gabeko fruitu lehor txigortuak ere aukera ona dira egunerokorako.
- Frijituak: Landare-oliotan murgilduta kozinatzen dira. Horrek nabarmen handitzen du fruituen kaloria-dentsitatea eta, erabiltzen den olio motaren arabera, haien koipeen kalitatea ere alda dezake.
- Gatzarekin, eztiarekin edo gainestaldurekin: Fruitu lehorraz gain, produktuaren gatz edo azukre kantitatea handitu dezaketen beste osagai batzuk izaten dituzte. Horrek ez du esan nahi erabat baztertu behar ditugunik, baina bertsio soilagoetatik bereizi behar ditugu, zein kontsumituko dugun erabakitzeko.
Orduan, zein aukeratuko dugu?
Ohiko kontsumo baterako, naturalak edo gatzik, koiperik eta azukrerik gehitu gabeko fruitu txigortuak dira aukerarik gomendagarrienak.
Horrek esan nahi du alde batera utzi behar ditugula kakahuete frijituak edo fruitu lehor gazituak? Ez. Horiek beste momentu batzuetarako utz ditzakegun produktuak dira, bestelako konposizioa dutenak.
Intxaur natural batzuk, jogurtarekin edo entsaladan jan ditzakegu; arbendola txigortu batzuk mokadu gisa zerbitza daitezke, eta nahasketa gazitu bat aldian behingo aperitiboa izan daiteke.
Etiketak pistak emango dizkizu...
Ezustekorik izan ez dezazun, osagaien zerrenda da gidarik onena:
- Zerrenda hori zenbat eta laburragoa izan, orduan eta hobeto: Kalitatezko intxaur-, hur- edo pistatxo-poltsa batean, fruitu lehorra bera izan beharko litzateke osagai bakarra.
- Kontuz olio erantsiekin: Bertsio frijituetan edo nahasketetan, begiratu beti ondo zer koipe erabili den.
- Kontuz ezkutuko azukre eta irinekin: “Crunch” bertsio batzuek edo fruitu lehor garrapiñatuek zaporea biziagotzeko almidoiak, irinak eta azukreak izaten dituzte.
- Zaindu sodioa: Egunero jateko fruitu lehorrak erosten badituzu, saia zaitez “erantsitako gatzik gabeak” izan daitezen.
Eta zenbat da eskukada bat?
Kaloria- eta energia-dentsitate handiko elikagaiak direnez, askok izaten ditu zalantzak gomendatutako kantitateari dagokionez.
Erreferentzia gisa, AESAN agentziak dio egunean 20-30 bat gramo jatea dela gomendagarriena, hau da, eskukada bat (eskua itxi badezakezu).
Modu bisual batean, esku itxiaren ahurrean kabitzen den kantitatea.
- Lauzpabost intxaur oso.
- 15-20 arbendola edo hur.
- 15 bat anakardo.
Eta zuretzat, zein da ezinbesteko fruitu lehorra zure saskian? Konta iezaguzu Facebook, X, Instagram edo TikTok-en.
BM Kontuaren SMS komunikaziorik jaso nahi ez baduzu, harpidedun izateari utzi dezakezu zure profilean hemen sartuz edo 900 555 300 telefonora deituz.