Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Nola irakurri nutrizio-etiketak: erosketa osasungarria egiteko gida praktikoa

Begiratzen al dituzu produktuen etiketak? Noizbait sentitu al zara galduta etiketak ulertzen saiatzerakoan? Nutrizio-etiketak ulertzeak zaila eman dezake, baina oinarrizko aholku batzuekin, modu kontziente eta osasungarriagoan egin ahal izango dituzu erosketak.

Lehenik eta behin, zergatik da garrantzitsua datu horiei erreparatzea? Erraza: jaten duzuna kontrolatzen, antzerako produktuak alderatzen eta erabaki osasungarriagoak hartzen laguntzen dizu. Elikagaien Espainiako Segurtasun eta Nutrizio Agentziak (AESAN) ohartarazten du funtsezkoa dela etiketak behar bezala irakurtzea gure elikadura hobetzeko.

Hasi oinarrizkoenetik:zer identifikatu behar duzu?

1. Osagaien zerrenda

Kantitatearen arabera ordenatuta ageri dira, kantitate handieneko osagaitik kantitate txikienekora. Azukreak, gantz aseak edo elikagai-gehigarriak lehenengoen artean baldin badaude, hobe izango duzu zure aukera birpentsatzea.

2. Nutrizi-informazioa

Hau funtsezkoa da produktuak alderatzeko. Erreparatu beti 100 gramo edo 100 mililitro bakoitzeko balioei, eta ez bakarrik erosten duzun zatiaren balioei; marka batetik bestera aldatu egin daitezke balio horiek.

3. Balio energetikoa

Kilokaloriatan (kcal) edo kilojuliotan (kJ) adierazten da. Elikagaiak emango dizun energia adierazten du. Har ezazu kontuan batez besteko dieta batek eguneko 1.800 eta 2.500 kcal artean behar dituela, adinaren, sexuaren eta egiten den ariketa fisikoaren arabera.

4. Zaindu beharreko funtsezko mantenugaiak

  • Gantzak: Bereizi gantz osoak eta aseak. Lehenetsi gantz asegabeak (onak), eta saihestu gantz aseak eta koipe eraldatuak.
  • Azukreak: Karbohidratoen multzoan sartzen dira. Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen du azukre erantsiek gure eguneko kaloria-ingestaren % 10 ez gainditzea. Ba al zenekien azukrea 50 izen ezberdinekin baino gehiagorekin ager daitekeela? Arto-jarabea, dextrosa edo maltosa, esaterako.
  • Gatza: Osasunaren Mundu Erakundeak egunean gehienez 5 gramo kontsumitzea gomendatzen du.
  • Zuntza: Mantenugai onuragarria da eta, beraz, produktuetan bilatu behar duguna.

Semaforo nutrizionala: aliatu bisuala

Produktu askok koloreen sistema –semaforo batenaren antzekoa– eta hizkiena erabiltzen dute. Nutri-Score sistema ezaguna. Produktu batek gantz ase, azukre edo gatz kopuru handia duen azkar batean identifikatzeko aukera ematen dizu sistema horrek.

Gainera, kategoria bereko barruko produktuak haien artean alderatzeko aukera ere ematen du. Adibidez, bi zuku edo bi gaileta-pakete aldera ditzakegu, eta lehen begi-kolpean jakin dezakegu bietako zeinek dituen, a priori, osagai osasungarrienak.

Kontuz adierazpen nutrizionalekin

 “Light”, “gantz gutxikoa” edo “azukre erantsirik gabea” bezalako adierazpenak europar legeriaren araupean daude. Arretaz aztertu, izan ere, produktu batek gantz gutxiago izan dezake, baina azukre gehiago.

Adibidez, produktu bat “gantz gutxikoa” izateko 100 gramo bakoitzeko 3 gramo gantz baino gutxiago izan behar du produktu solidoen kasuan, eta 100 ml bakoitzeko 1,5 gramo gantz baino gutxiago likidoetan.

BM Supermerkatuetan zure hurrengo erosketa egiteko aholku praktikoak

  • Aukeratu osagai-zerrenda laburreko elikagaiak: zenbat eta gutxiago, orduan eta hobeto.
  • Alderatu antzerako produktuak: batzuetan, gantz edo azukre kopuruan dauden alde txikiak alde garrantzitsuak izan daitezke.
  • Baloratu produktuak osotasunean: ez erreparatu kaloriei bakarrik, baloratu produktuaren nutrizio-kalitate osoa.

BM Supermerkatuetan kalitatezko produktuak eskaintzeko eta erosketa kontziente bat egiteko behar duzun informazio guztia emateko lan egiten dugu. Elikadura osasungarriari buruz gehiago ikasi nahi duzu? Bisitatu gure gida osasungarria, eta zainduz bizi.