Aholkuak
Elikadura-segurtasuna udan: arriskurik gabe jateko 5 truku
Modu osasungarri, goxo eta azkarrean jatea izaten da guztion helburua etxera nekatuta iristen garenean. Hala ere, askotan ez dugu kontuan hartzen ikusezina baina gure sukaldean funtsezkoa den osagai bat: elikadura-segurtasuna.
Tenperaturak igotzearekin batera, handitu egiten da bakteriak ugaritzeko arriskua; horrenbestez, funtsezkoa da higiene- eta kontserbazio-baldintza onenak mantentzea, gure jakiak zaintzeko.
Elikagaien Segurtasunaren Mundu Eguna dela eta, arazo handiak saihesten dituzten keinu txikiak jasotzen dituen gida praktiko bat aurkezten dizugu:
Hobeto erosi, kontserbatu eta kozinatzeko oinarrizko 5 truku
Etxean elikadura segurua izateko, ez da prozesu konplexurik behar; nahikoa da egunerokoan oinarrizko bost jarraibide txertatzea:
- Zure eskuetan hasten da higienea: Elikagaiak manipulatzen hasi baino lehen, garbi itzazu beti eskuak uraz eta xaboiaz, eta garbitu ondo gainazalak eta jakiak mozteko oholak.
- Bereizi, kutsadura gurutzatua saihesteko: Ez itzazu inoiz elkartu janari gordinak (haragiak edo arrainak) dagoeneko kozinatuta eta jateko prest dauden jakiekin (zure entsaladetako barazkiekin, esaterako). Horietako bakoitzerako, erabili ohol eta tresna bereiziak.
- Kontrolatu egosketa-tenperatura: Ziurtatu jakiak erabat kozinatzen dituzula, batez ere haragia eta hegaztiak, izan ditzaketen bakteriak deuseztatzeko.
- Errespetatu hotz-katea: Erosketak egitetik itzultzen zarenean, sartu berehala hozkailuan edo izozkailuan dagozkion jakiak. Ez utzi kozinatutako janaria giro-tenperaturan bi ordu baino gehiagoz.
- Soberakinen kudeaketa: Gorde soberakinak hozkailuan, ontzi hermetiko garbietan, eta kontsumitu itzazu gehienez ere bizpahiru eguneko epean. Berriro berotzen dituzunean, irakin arazi edo, behintzat, ziurtatu tenperatura altua hartzen dutela modu uniformean.
Etxean egiten ditugun ohiko akatsak, eta horiek nola saihestu
Batzuetan, aurrekoengandik jasotako ohiturak kaltegarriak izaten dira. Hauexek dira egiten ditugun akatsik ohikoenak, behin betikoz baztertu beharko genituzkeenak:
- Janaria sukalde-gainekoan desizoztea: Haragia edo arraina giro-tenperaturan utzita, bakteriak ugaritzeko arriskua areagotzen da. Planifikatu garaiz zure otorduak, eta desizoztu beti hozkailuko beheko apalean edo, presa baldin baduzu, erabili mikrouhin-labearen desizozteko funtzioa.
- Gauzak hozkailuan “ahal den lekuan” ipintzea: Apal bakoitzak bere tenperatura eta funtzioa ditu. Jakiak hozkailuan behar bezala nola ipini jakiteak ezbeharrak saihesten ditu: produktu gordinak behean egon behar dira beti, ez dadin produktuotatik tantarik erori dagoeneko kozinatuta dauden janarien gainera.
- Oilaskoa edo haragia garbitzea, kozinatu baino lehen: Higienikoa dirudien arren, txorrotako uraren zipriztinekin, sukalde osoan sakabana daitezke haragi gordinak dituen bakteriak, sukalde-gainekoan, txorrotetan, plater garbietan... Kozinatzeko berotasuna da benetan desinfektatzen duen gauza bakarra.
Gai honetan sakondu eta sukaldeko segurtasunean aditu bihurtu nahi baduzu, irakur itzazu gure artikulu xehatu hauek: nola kontserbatu elikagaiak etxean eta nola kontserbatu elikagaiak, produktu freskoak luzaroago kontserbatzeko trukurik onenak ezagutzeko. Irabazten aterako zara osasunari dagokionez, eta ez zaizu jakirik alferrik galduko!
Eta zure sukaldean, zein da dena kontrolpean izateko inoiz hutsik egiten ez dizun trukua? Konta iezaguzu Facebooken, X-en, Instagramen edo TikTok-en.
BM Kontuaren SMS komunikaziorik jaso nahi ez baduzu, harpidedun izateari utzi dezakezu zure profilean hemen sartuz edo 900 555 300 telefonora deituz.