
Elikadura
Nola kontserbatu jakiak etxean
Etxean jaki freskoak zein prestatutakoak kontserbatzeak lan erraza dirudi eta, halaxe da, baina, komenigarria da hainbat alderdi kontuan hartzea, jakiek hozkailuan denbora luzeagoz iraun diezaguten.
Izoztuak
Supermerkatutik erosketekin iristen garenean, egin behar dugun lehendabiziko gauza izoztutako produktuak gordetzea da, hotz-katea hauts ez dadin. Era berean, haragia, arraina edo beste edozein elikagai desizoztu nahi dugunean, izozkailutik hozkailura pasatu behar dugu. Askotan, giro-tenperaturan hozten uzten ditugu, baina ez da horrelakorik egin behar, izan ere, janaria kutsatzen duten mikrobio patogenoak azaltzeko arriskua dago. Gainera, ez ezazue ahaztu desizoztutako produktuak ez direla berriro izoztu behar, ez baditugu, behintzat, aurrez prestatu. Adibidez, bakailaoa desizoztu eta, ondoren, ajoarriero erara prestatzen baduzu, izoztu dezakezu berriro, baina inoiz ere ez gordinik.
Hozkailua antolatzea
Eskuarki sortzen zaigun beste zalantza bat da jakiak hozkailuannola antolatu. Produktu bakoitzak bere lekua dauka hozkailuan. Adibidez, haragia eta arraina behean, horren galkorrak ez direnak ateko apaletan eta barazkiak edo frutak tiraderetan.
Birpaketatzea
Ontzi bat zabaldu eta edukia soberan geratu bazaizu, ez ezazu ontzi bera erabili. Paper gardenaz edo zilarrezko paperaz biltzea komeni da.Hori askotan gertatzen da hestebeteekin, gaztarekin edo izokin ketuarekin, adibidez. Gauza bera egin behar da latatan datozen jakiekin ere.Latak erraz herdoiltzen dira; horregatik, behin ireki ondoren, produktua beirazko edo plastikozko ontzi batean gordetzea komeni da.
Nahastu behar ez diren elikagaiak
Oso garrantzitsua da elikagaiak bereizi egin behar direla kontuan hartzea, haien artean kutsa ez daitezen.Horixe gertatzen da tipulekin eta patatekin, esaterako; hozkailutik kanpo gorde behar dira eta haien artean eta gainerako jakiengandik bereizita.
Gainera, hobe da produktu gordinak eta prestatutakoak ez nahastea.Horregatik, prestatutako jakien ontziak goreneko apaletan jartzea komeni da eta, prestatu gabeko arrainak eta haragiak, berriz, hozkailuaren beheko apaletan eta ondo bilduta, tantarik eror ez dadin.
Eta argi ibili prestatu berri duzun janariren bat,tupper-ean, hozkailuan sartzerakoan; hoztu arte itxoin behar da, izan ere, janariak berak botatzen duen berotasunak hozkailuko tenperatura igo lezake.
Oilasko-haragia
Haragien artean, oilaskoarekin kontu berezia izan behar da, manipulatzerakoan, batez ere. Oilasko-haragia campylobacter familiako bakteriaz kutsatuta egon daiteke; horregatik, zatitzerakoan, neurri higieniko egokiak hartu behar ditugu eta oilaskoa zatitzeko erabili ditugun tresnak ondo garbitu behar ditugu beste jaki batzuk manipulatzeko erabili aurretik.