Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Osasuna eta elikadura

Nola kontserbatu behar diren elikagai mota ezberdinak

Jaki freskoak zein prestatutakoak etxean kontserbatzea lan erraza da, baina komenigarria da zenbait gauza kontuan izatea gerta daitezkeen kutsadurak prebenitzeko eta beren ezaugarriak denbora luzeagoz kontserbatu ahal izateko.


Nola kontserbatu izoztutako produktuak

Oinarrizko hiru gauza izan behar ditugu kontuan izoztutako produktuei dagokienez:

Lehenik eta behin, horiek gordetzea: etxera erosketekin iristen garenean, izoztutako produktuak gorde behar ditugu lehendabizi hozkailuan, hotz-katea hauts ez dadin.

Poliki-poliki desizoztu: poliki-poliki desizoztu behar dira produktu horiek, hozkailuan edo uretan bainatuta, mantenugaiak gal ez daitezen eta ez dadin produktua deshidratatu. Halaber, bakterien hazkundea prebenitzeko ere garrantzitsua da fase hori.

Ez izoztu berriro: Izoztutako produktu bat ez da berriro izoztu behar, baldin eta ez bada prestatuko dugun produktu gordin bat; behin prestatu ondoren, orduan bai, orduan izoztu dezakegu berriro.  


Nola kontserbatu paketatutako produktuak

Behin ireki ondoren, zati bat soberan geratu bazaigu eta ontziak ez badauka ixte-sistemarik, aluminiozko paperean edo film gardenean bilduta gorde behar dira.

Arau bera aplikatu behar dugu plastikozko ontzi gehienen eta ixte-sistemarik gabeko ontzien kasuan; beste ontzi itxi batean gorde beharko ditugu jaki horiek. Gauza bera egingo dugu laten kasuan.

Ez nahastu jakiak

Oso garrantzitsua da elikagaiak banatuta edukitzea, gerta daitezkeen kutsadura gurutzatuak saihesteko.

Garrantzitsua da hozkailua ordenatuta izatea elikagai moten arabera; jaki gordinak prestatutakoetatik banatuta eduki behar dira, dagokion moduan babestuta eta, ahal dela, hozkailuaren beheko aldean.


Utzi hozten, gorde aurretik

Jaki prestatu berriak hozkailuan gorde aurretik, hozten utzi behar ditugu, hobeto kontserbatzeko; bestela, bakteriak ager daitezke. Gainera, hori egiten ez badugu, berotasunak gure hozkailuaren tenperatura igo lezake eta hozkailua hondatu ere egin liteke.


Nola antolatu hozkailua

Hozkailuaren antolaera funtsezkoa da elikagaien kontserbazio egokia bermatzeko. Behealdeko tiraderak dira espaziorik egokiena fruta eta barazkiak gordetzeko, gehiegizko hotzak ez ditzan jaki horiek ezaugarriak kaltetu.

Atea da hozkailuko gunerik epelena, beraz, egokia da oso tenperatura baxuak behar ez dituzten jakiak gordetzeko (saltsak, marmeladak, edariak, etab.).

Hozkailuaren beheko aldea izaten da hotzena, beraz, horixe da egokiena jaki galkorrak edukitzeko (haragia eta arraina, esaterako).

Esnekiak, hestebeteak, arrautzak eta prestatutako platerak erdiko aldean edo goian gorde behar dira.

Gainera, kontuan izan behar da jaki askok ez duela hotz beharrik ondo kontserbatzeko. Tomateak, ahuakateak, bananak eta ananak, esaterako, hobeto kontserbatzen dira hozkailutik kanpo, giro-tenperaturan, baldin eta ez badira denbora luzez kontserbatu behar. Piperrak, kuiatxoak eta alberjiniak, gazta onduak, txokolatea, tipula eta baratxuria ere hobeto kontserbatzen dira hozkailutik kanpo. Bestalde, patatak leku ilun, fresko eta lehorretan gordetzea gomendatzen da, bere ezaugarri guztiak kontserba ditzagun.