
Egun hotzetarako hiru errezeta
Neguko hotzari aurre egiteko, zer hoberik jaki beroez gozatzea baino… hala nola zopak, saldak, gisatuak eta erregosiak; gorputzak berotasuna berreskura dezan lagunduko digute. Hiru errezeta erraz dakarzkizuegu, mantenugaiz beteak eta egunik hotzenetan gure gorputza berotuko dutenak, hutsik egin gabe.
Oilaskoa garagardoarekin
Osagaiak
Oilasko-izterrak
Lau baratxuri-atal
Tipula bat, bi azenario
Lata bat garagardo
Ura edo salda, ezkaia
Gatza
Piperbeltza
Oliba-olio birjina estra
Nola prestatu
Lapiko batean, zigilatu izterrak oliba-oliotan, su bizian, eta gorde gerorako. Olio berean, tipula sueztituko dugu, juliana eran moztuta, baratxuri-xaflekin eta xafla finetan moztutako azenarioekin batera. Gatzpipertu, eta gehitu ezkaia. 15 minutuz utziko dugu kozinatzen, su ertainean.
Gehitu oilaskoa lapikora, eta igo sua. Garagardoa bota, eta 5 minutuz utziko dugu kozinatzen, alkohola lurrundu dadin. Estali dena saldaz edo urez, eta egosi 40 minutuz. Saltsa sendotu behar izanez gero, gehitu koilarakada bat Maizena ur hotzetan urtuta.
Dilistak
Osagaiak
Dilistak (250 gramo)
Piper berdea (100 gramo)
Tipula (80 gramo)
Porrua (70 gramo)
Azenarioa (100 gramo)
Patata (250 gramo)
Etxeko tomate-saltsa (50 gramo)
Baratxuri-atal bat
Erramua
Gatza
Koilarakadatxo bat piperrauts gozo
Nola prestatu
Txikitu baratxuria eta tipula, eta moztu azenarioa, piper berdea eta porrua. Lapiko batean, oliba-olio pixka bat berotuko dugu, barazkiak botako ditugu, eta su motelean, arin frijituko ditugu bost minutuz. Bota gatz pixka bat eta tomate-saltsa, eta utzi beste hiru minutuz egosten.
Gehitu dilistak, erramu-hostoa eta patatak –laban batekin klaskatuta–, eta egosi pare bat minutuz. Estali ur hotz kopuru handiarekin, estali, eta utzi egosten 40-50 minutuz edo biguntzen diren arte. Beharrezkoa baldin bada, gehitu ur gehiago prozesuan zehar.
Zartagin batean, jarri olioa eta piperrautsa, eta kendu berehala sutatik, ez dadin erre. Dilistei botako diegu gainetik, nahastu, eta beste bost minutuz egosten utziko dugu. Bero-beroak daudela zerbitzatu behar dira.
Porrusalda
Osagaiak
600 gramo porru
300 gramo azenario
600 gramo patata
Litro eta erdi salda edo ur
Gatza
Oliba-olio birjina estra
Nola prestatu
Zuritu eta moztu porrua, azenarioak eta patatak. Olioa lapiko batean jarriko dugu su ertainean eta, berotuta dagoenean, azenarioa, patatak eta gatz pixka bat bota, eta ondo nahastuko dugu dena. Lapikoa estali, eta hamar bat minutuz utziko dugu egosten, su ertain edo motelean.
Gehitu salda bero-beroa, estali, eta igo sua, irakiten hasten den arte. Behin irakiten hasten denean, 20 minutuz utziko dugu egosten su ertainean edo motelean, tapa jarrita. Denbora hori igaro ondoren, patatak eta azenarioak bigunduta dauden egiaztatuko dugu eta, beharrezkoa baldin bada, gatz gehiago botako diogu.
Goza ezazu neguaz koilara eskuan hartuta!
- LEHENAK
- BIGARRENAK
- ZOPAK, SALDAK ETA KREMAK
- LEKALEAK
- HARAGIAK
- ZAILTASUNA: ERTAINA
- DENBORA: 30'-60'
- OSASUNGARRIA