Elikadura
Cous cousa edo kuskusa: nola prestatzen da?
Cous cousa edo kuskusa jaki berbere bat da jatorriz, gari-semolaz egina. Esan ohi da kuskusa marokoarra dela, baina Aljerian, Mauritanian eta beste herrialde batzuetan ere jaten da; hala ere, gaur egun munduko toki askotan jaten da, mugak gainditu baititu gutxika-gutxika.
Gariaren zati gogorraren semolarekin egin ohi da kuskusa: eho egiten da, baina irina egitera iritsi gabe. Beste zereal batzuekin ere egin daiteke ehotze-prozesu hori, hala nola garagarrarekin, artatxikiarekin, polentarekin, arrozarekin eta arto-aleekin.
KUSKUSA PRESTATZEA
Kuskus-errezeta tradizionala kuskus-lapiko batean egiten da, haragia (oilaskoa edo arkumea) eta barazkiak egostetik sortzen den lurrunarekin.
Baina kuskusa bakarrik ere presta daiteke, oso erraz eta kuskus-lapikorik gabe: ura sutan jarri (kuskusa halako bi), eta, irakiten hasten denean, kuskusa gehitu, eta 5-6 minutuz utzi. Gero sutatik kentzen da, estali, eta 5 minutuz utzi behar da. Prest dugu jada!
Orain errezeta ugaritan erabil dezakegu. Entsaladan eta barazkiekin jan dezakegu, eta haragi eta arrainen garnizio moduan ere bai. Errezeta asko daude kuskusarekin egiteko. Hona hemen proposamen bat: txipiroiak bere tintan kuskusarekin.
KUSKUSAREN PROPIETATEAK
1- Oso elikagai energetikoa da, karbohidrato asko baititu; beraz, aproposa da kirolarientzat eta aparteko energia iraunkorra behar dutenentzat.
2- Gluzemia-indize baxuko hidratoak ditu; hau da, poliki xurgatzen dira, eta ez dute asko igotzen odolaren gluzemia-indizea. Interesgarria da diabetikoentzat.
3- Zuntzetan aberatsak denez, modu naturalean erregulatzen du idorreria.
4- Koipe gutxikoa eta kolesterolik gabea. Koipe onuragarriak ditu, eta azido oleikoa eta linoleikoa ere bai.
5- Glutena du, eta, beraz, ez da egokia zeliakoentzat. Zeliakoentzat, errezeta hau gomendatzen dugu: azalorezko kuskus faltsua barazkiekin.
KONPOSIZIO NUTRIZIONALA 100 GRAMOKO
Gainerako zerealen antzeko konposizioa du:
- Kaloriak: 376 kcal
- Karbohidratoak: 75 g (batez ere almidoiak)
- Proteinak: 12,8 g
- Koipea: 0,6 g, eta ez du kolesterolik
- Zuntza: 5 g
- Mineralak: sodioa (15-20 mg), kaltzioa (24 mg), burdina (1,08 mg), fosforoa (170 mg), potasioa (166 mg), magnesioa (44 mg)
- Bitaminak, batez ere, B taldekoak: B1 (0,16 mg), B2 (0,08 mg), B3 (3,49 mg), B5 (1,24 mg), B6 (0,11 mg)
![]() |
Dra. Marta Aguirre. Nutrizioa y Medikuntza estetikoa |
BM Kontuaren SMS komunikaziorik jaso nahi ez baduzu, harpidedun izateari utzi dezakezu zure profilean hemen sartuz edo 900 555 300 telefonora deituz.
