
Mimatu zure burua
Zer jan behar den azkazal osasuntsu eta gogorrak izateko
Azkazal ederrak izan nahi dituzu? Kaltetuta dituzu azkazalak? Hauskorrak dituzu? Ez zaitez kezkatu, azkazal osasuntsuak eta ederrak izateko gakoak emango dizkizugu. Izan ere, azkazalek asko esan dezakete gure osasun-egoerari buruz.
Azkazalen itxura eta erresistentzia zure gorputzak bitamina eta mineral batzuen gabezia duenaren ebidentzia argia da. Adibidez, proteina, burdina eta zink gabeziak azkazalak ahuldu ditzake; orban zuriak baldin badituzu eta kolore apala, burdina falta duzula esan nahi dezake.
Horregatik, hori gerta ez dadin eta azkazal politak izan ditzazun, azkazal gogorrak eta osasuntsuak izateko jan behar dituzun elikagai osasungarri batzuk gomendatuko dizkizugu:
- Haragi gorria.Proteina eta burdina asko du. Proteina- eta burdina-maila egokiak mantentzeko gomendatzen da.
- Fruitu gorriak. C bitamina eta antioxidatzaile asko dute; substantzia horiek azkazalak indartzen laguntzen dute, ez daitezen hautsi, eta burdinaren xurgapen-prozesuan laguntzen dute. Ahabiak, esaterako, zelulak erradikal askeen aurrean babesten laguntzen dute. Horrela, azkazal osasuntsuak izango dituzu, eta arazorik gabe haziko dira.
- Gari-germena. Gari-alearen zatirik nutritiboena da; proteina, B bitamina eta gantz-azido ugari du. Baita E bitamina eta zink ugari ere; horregatik, ideala da azkazalak zaintzeko. Era askotara har dezakezu gari-germena: adibidez, gosaltzeko, jogurtarekin edo zerealekin batera.
- Garagar-legamia. Proteina eta B bitamina ugari du. Osaera egokia du aminoazidoei dagokienez ere. Legamia-hautsa edo –malutak jaten badituzu, beste jaki batzuekin edo fruta-zukuekin nahas dezakezu.
- Liho haziak eta intxaurrak. Omega 6 eta Omega 3 gantz-azido esentzial ugari dute, eta intxaurrek, gainera, baita selenio asko ere. Koipeak ikusgarritasuna eta, batez ere, elastikotasuna ematen die azkazalei.
- Izokina. Gantz-azido kopuru handia du, eta hori funtsezkoa da azkazalak hidratatzeko. Fosforo ugari ere badu, eta hori lagungarria da azkazalak hazteko eta azkazalak gogortzen dituzten mintzak eta zelulak oneratzeko. Bestalde, Omega 3 ugari duenez, onuragarria da azkazalen osasunerako. Arrain hori kontsumitzeak azkazalak indartsu eta hidratatuta mantentzen laguntzen du.
- Arbendolak. Fruitu lehor hori selenio- eta biotina-iturri bikaina da; bi mineral horiek funtsezkoak dira azkazalek osasun ona izan dezaten, ondo haz daitezen eta egoera onean manten daitezen.
- Arrautzak. Proteina-iturri garrantzitsua izateaz gain, sufre kopuru handia dute, eta horrek keratina sortzen laguntzen du. Bestalde, biotina ugari ere badu, azkazal hauskorrak hobetzen laguntzen duena.
- Ahuakatea. B eta E bitamina, proteina eta azido foliko ugari du; substantzia horiek bikainak dira azkazalak hazteko.
- Barazki berdeak. Hala nola, zerbak, letxugak, ziazerbak… Jaki horien A eta C bitamina-ekarpena funtsezkoa da olio naturalen jarioa estimulatzeko eta azkazalak modu naturalean hidratatuta mantentzeko.
- Moluskuak, hala nola muskuiluak eta berberetxoak. Iodo, zink eta burdina asko dute. Azken horiek azkazaletako keratina sortzeko mineral esentzialak dituzte.
- Esnea. Ezinbesteko jakia, azkazalak osasuntsu eta indartsu mantentzeko. Kaltzioak eta D bitaminak ere azkazalak indartzen laguntzen dute.
Zain itzazu zure azkazalak barrutik… eta kanpotik
Ikusten duzun bezala, azkazalak zaintzeko onuragarriak diren elikagai asko daude. Baina azkazaletan zuzenean ere aplika ditzakezu produktu naturalak behar dituzten aparteko mantenugaiak eta zainketak eskaintzeko.
Proba ezazu krema natural hau:Nahastu ahuakate erdi bat, koilarakada bat jogurt natural, bi koilarakada ezti, limoi-zuku tanta batzuk eta oliba-olio zurrusta bat. Jar ezazu azkazaletan minutu batzuez, eta pasatu uretan.