Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Esne osoa, erdigaingabetua edo gaingabetua: zein da osasungarriena?

Esnea oinarrizko elikagaia da gure dietan, arrazoi ugarirengatik. Arrazoi nagusia da nutrizio-ekarpen orekatua eskaintzen digula; gainera, ekoizteko erraza da, eta elikadura-aukera ugari eskaintzen dizkigute esnetik eratorritako esnekiek (gaztak, jogurtak, mamiak, gurinak, etab.).

Kontuan izan behar da Neolito garaitik dagoela esnea gizakiari lotuta, animaliak etxekotzea lortu genuenetik (8000. urtea K.a.). Babilonian agertu ziren (4000. urtea K.a.) esnearen kontsumoari buruzko lehenengo idazkiak; greziarrek, berriz, esnearen dohain sendagarri eta kosmetikoak deskubritu zituzten (400. urtea K.a.).

XIX-XX. mendeetan, industrializazioarekin eta esnea kontserbatzeko gertatu ziren hobekuntzekin (batez ere pasteurizazioaren aplikazioari esker), orokortu egin zen esnearen eta beste esneki batzuen kontsumoa, eta NAOS piramidearen oinarrietako bat dira (piramide horrek esnekiak egunero kontsumitzea gomendatzen du).

Esne osoaren, erdigaingabetuaren eta gaingabetuaren arteko aldeak

70. hamarraldi erdialdera agertu ziren esne gaingabetua eta erdigaingabetua, gizarteak kaloria eta koipe proportzio txikiagoko dieta izateko zuen kezkaren ondorioz.

Oro har, duten koipe portzentajeak bereizten ditu esne osoa, erdigaingabetua eta gaingabetua, gainerako mantenugaiak oso antzerakoak baitira: esne mota guztiek dituzte organismorako funtsezkoak diren proteinak, bitaminak eta mineralak; horien artean, kaltzioa nabarmentzen da, esneak duen kaltzio kopuru handiagatik.

Egia esan, zentral batera iristen den esne guztia gaingabetzen da eta, ondoren, orekatu egiten da koipe kopurua. Esne osoaren kasuan, % 3,5ekoa (100 gramo bakoitzeko) da gutxienezko koipe kopurua.Erdigaingabetuak, berriz, % 1,5 eta % 1,8 artean du, eta gaingabetuak, azkenik, % 0,1 baino gutxiago.

Koipe portzentajean dagoen alde horrek eragina du kaloria kopuruan: esne osoak 100 gramo bakoitzeko 66 Kcal ditu; erdigaingabetuak, 45 Kcal inguru, eta gaingabetuak, berriz, 35 Kcal eskas.

Orduan, zein da osasungarriena?

Egia esan, hiru esne motak dira osasungarria, eta pertsona bakoitzaren inguruabarren araberakoa da esne mota bakoitzaren ezaugarriak aprobetxatzea.

Esan dugun bezala, antzerako nutrizio-ezaugarriak dituzte hiru esneek: proteinak (kaseina), bitaminak (A, D, B eta E) eta mineralak (kaltzioa, fosforoa, iodoa, potasioa, magnesioa eta zinka) eskaintzen dizkigute. Esne gaingabetuaren kasuan, koipea kentzerakoak bitamina lipodisolbagarriren batzuk (A, D eta E bitaminak) galtzen dituen arren, normalean esne hori bitamina horiekin aberasten dute.

Kontuan izan beharreko beste datu garrantzitsu bat da badaudela ikerketak frogatu dutenak koipeak kaltzioa bereganatzen laguntzen diola organismoari; horregatik, esne osoa kontsumitzea gomendatzen zaie hezurrak indartu beharra dutenei, bai eta osteoporosia prebenitzeko ere.

Halaber, azkeneko urtetan esne osoa kontsumitzea gomendatzen zaie argaltzeko dieta egiten ari direnei ere, esneak duen koipeak asetasun sentsazioa ematen baitu. Gainera, orain arte uste zenaren kontra, esneki osoak kontsumitzea ez dago lotuta obesitatearekin eta gaixotasun kardiobaskularrekin.

Hala ere, esne gaingabetua izaten da pisua galtzera bideratutako dietak dituzten pertsonentzako gehien gomendatzen dena.

Era berean, esne erdigaingabetua izan daiteke beste aukera bat, beste bien onurak baititu, betiere ez badugu gainditzen eguneko koipe kopuruaren muga (eguneko koipe kopuru osoaren % 10). Gainera, zapore orekatuagoa du; esne osoak zapore biziagoa du, eta gaingabetuak, ostera, neutralagoa.

Ba al zenekien…

  • Esne basokada batek (200 ml) egunean gomendatutako kaltzio kopuruaren heren bat du.
  • Ikerketa batzuen arabera, esnearen koipeak duen Azido Linoleiko Konjugatua kartzigenoaren aurkako efektuarekin lotuta dago.
  • Esnearen laktosak bakterien garapena mugatu eta mesede egiten dio heste-florari.
  • Egunean hiruzpalau errazio esneki kontsumitzea sindrome metabolikoa garatzeko arriskua % 29 murriztearekin lotzen da (hau da, gutxienez gaixotasun hauetako hiru izatea: obesitate zentrala, hipertentsio arteriala, glukosa maila handia, triglizerido maila handiak edo HDL edo ‘kolesterol ona’ murriztea).
  • Espainian, biztanleriaren % 15ek gutxi gorabehera, laktosarekiko intolerantzia du. Badaude ordezko edariak, hala nola laktosarik gabeko esnea edo landare-edariak.