Elikadura eta Osasuna
Zenbat otordu egin behar da egunean?
Asko hitz egin izan da egunean zehar otorduak banatzeko moduari buruz. Gosaria, bazkaria eta afaria? Nahikoa al dira hiru otordu horiek? Edo hamaiketakoa eta askaria gehitu behar zaizkie, eta egunean bost otordu egin? Batzuek uste dute egunean hiru otordu eginda gutxiago jango dugula, eta denbora gehiago izango dugula otordu horietako bakoitzean jandakoa erretzeko, eta beste batzuek guztiz aurkakoa defendatzen dute, bost otordutan banatu behar dela egunean zehar jaten duguna, pisu egokiari eusteko. Nork du arrazoia? Zalantzak argitzen saiatuko gara.
Ainhoa Prat nutrizionista eta bloglariak esaten digun bezala, eztabaida handia dago horri buruz, iritzi bietara bideratzen gaituzten azterketak baitaude: Batzuek diote lotuta daudela otordu gehiago egitea gorputzeko koipe kopuru txikiagoa izatearekin, eta beste batzuek aurkakoa diote, zenbat eta otordu gehiago, orduan eta obesitaterako aukera handiagoa.
Ainhoaren ustez, kasu bakoitzaren araberakoa da hori. Adibidez, oso goiz gosaltzen baduzu eta oso berandu bazkaldu, beharrezkoa da tartean zerbait jatea bazkalordura jateko gogo handiegiarekin ez iristeko; izan ere, kasu horretan kontrolik gabe jango genuke. “Antsietatea eta gose-sentsazioa kontrolatzeko modua da", dio. Baina, aitzitik, berandu gosaltzen badugu (goizeko bederatzietan), eta goiz bazkaldu behar izaten badugu (13:00etan), baliteke hamaiketakoa egin beharrik ez izatea.
Gauza bera gertatzen da bazkariaren eta afariaren artean. Otordu bien arteko ordu kopuruaren arabera, askaria jango dugu edo ez.
Eta, jakina, egiten dugun ariketa fisikoa ere kontuan hartu beharreko beste faktore bat da, izan ere, gorputzari ematen diogun kaloria kopuruak gastatzen dugunaren araberakoa izan behar du. Egunaren amaieran gimnasiora edo korrika egitera joateko edo kirolen bat egiteko ohitura baldin badugu, komeni da arratsalde erdian zerbait jatea, ariketa egin aurretik.
Azken batean, egunean hiru edo bost otordu egin, jakin behar dugu kontsumitutako kaloria kopuruak berbera izan behar duela, otordu kopuru batean zein bestean banatuta. Gogora dezagun Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, emakume heldu batek eguneko 1.500-2.000 kilokaloria behar duela, eta gizon batek, berriz, zertxobait gehiago, 2.000-2.500 kilokaloria.
Bestelakoa da patologia batzuen kasua, hala nola errefluxu gastroesfogikoa; kasu horietan otordu kopurua gehitzea eta oordu bakoitzeko janari kopurua murriztea gomendatzen da, era horretan digestio txarrak saihesteko.
Baina osasun arazorik ez baldin badago, gure nutrizionistak gomendatzen diguna da norberak planifikatzea bere menuak eta egunean zehar banatzea, norberaren beharren eta bizitza-estiloaren arabera. Hori bai, betiere dieta orekatua eta bariatua eginda, errezeta osasungarriekin, ariketa fisikoarekin osatuta.Izan ezazu bizitza-estilo osasungarria!
BM Kontuaren SMS komunikaziorik jaso nahi ez baduzu, harpidedun izateari utzi dezakezu zure profilean hemen sartuz edo 900 555 300 telefonora deituz.