Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Udan hidratatzeko freskagarriaren ordezkoak Kombucha izena du

Hidratazioa funtsezkoa da organismoak behar bezala funtzionatzeko. Era horretan, urak funtzio ugari betetzen ditu; hala nola, mantenugaiak xurgatzea, energia eskuratzea edo arnasten dugun airea hezetzea. Hori bereziki garrantzitsua da udan, beroaren eraginez ur gehiago galtzen baitugu larruazalaren bidez. Hala ere, horretarako ura aukeratzen dugun arren, badira ondo hidratatuta mantentzen gaituzten beste aukera osasungarri batzuk, gure osasunerako efektu onuragarriak ere ekartzen dizkigutenak.

Aukera horietako bat kombucha da, kombucha tea edo te onddoa. Edari hartzitu hori tearen eta azukrearen bidez lortzen da, zenbait bakterio eta legamia batzuen ekintzari esker, horiek beste osagai batzuen artean gasa eragiten baitute, eta, ondorioz, bereak dituen burbuilak sortzen dira. Azukredun freskagarriek ez bezala, edari honek tearen propietate onuragarriak ez ezik, probiotikoak ere baditu.

Kombuchak tradizio luzea du, antzinatik erabili baita sendatzeko eta estimulatzeko dituen propietateak direla-eta. Jatorriz nongoa den argi ez dagoen arren, txinatarrek sortu zutela dioen teoria onartzen da gehienbat, KA 206. urteko dokumentu batzuetan tearen onddoaren aipamenak aurkitu baitira.

Dena den, Europan XIX. mendean sartu zen, eta 60ko hamarkadan izan zuen gorakadarik handiena. Suitzan egindako azterketa batean, kombucharen onurak jogurtarenarekin alderatu ziren, bi produktuak hartzituak baitira eta osasunerako onuragarriak.

Kombucharen onurak

  • Probiotikoak: kombucha tea hartzituta sortzen da SCOBY izeneko zenbait bakterio eta legamiaren ekintzaren bidez. Nahasketa honetan, azido laktiko motako bakterio asko kontzentratzen dira, hesteetarako onuragarriak direnak, digestio hobea egiten laguntzen baitute, hantura prebenitzeaz edo, zenbait azterketaren arabera, pisua galtzen ere laguntzeaz gain.
  • Antioxidatzaileak: halaber, efektu antioxidatzaile indartsua du, eta erradikal askeen eraginaren bidez sortutako gaixotasunak prebenitzen ditu. Gainera, azterketa batzuek erakutsi dute te berdeak lagun dezakeela kolesterola eta glukosa egonkor mantentzen.
  • Bakterioen aurkakoa: hartzitzerakoan, azido azetiko kopuru handia sortzen da, ozpinean ere egoten den osagaia; horrek bakterioen aurka duen eragina frogatu da.
  • Zenbait gaixotasun kontrolatzen laguntzen du: te berdea eraginkorra da LDL kolesterol partikulen oxidazioaren aurrean, eta gaixotasun koronarioen aurrean prebenitzen du. Era berean, odoleko glukosa maila murrizten ditu , eta bertan dauden polifenolek (antioxidatzaileak) erakutsi dute hainbat minbizi-motaren aurrean eragin babeslea dutela.

Ondorioz, eta onura horiek ikusita, esan daiteke kombucha hartzea aukera ona dela bero handiko egunetan freskatzeko; izan ere, freskagarriekin alderatuta, energia gehiago eta azukre askoz ere gutxiago ematen ditu. Hori bai, kontuan izan behar da kombucha pasteurizatu gabeko edaria dela eta, beraz, ez dela komeni haurdun dauden edo bularra ematen ari diren emakumeek kontsumitzea. Gainera, alkohol apur bat duenez, haurrek kontsumitzea ere ez da komenigarria.

  Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista