
Gastronomia
Sushi motak
Gero eta hedatuago dago japoniar gastronomia; bolada horren arrazoia da japoniar platerak osasungarriak direla, eta hori ezin du inork ezbaian jarri. Japoniar janaria ez da gozoa soilik; horrez gain, osasunerako onura asko ditu: koipe eta kaloria gutxikoa da, eta landare-jatorriko jaki eta arrain asko ditu. Hona hemen esanguratsua den zerbait: Japonian Europako edozein herrialdetan baino askoz handiagoa da bizi-itxaropena, eta elikadurak zerikusi handia dauka.
Japoniar gastronomiak, gainera, plater aukera zabala eskaintzen du; hala nola, zopak eta saldak, arrain gordinak, barazkiak eta itsaskian tenpuran, baita haragiz prestatutako platerak ere, txahal-tatakia, esaterako. Baina guztien artean ezagunena sushia da eta, beharbada, baita ordezkaririk onena ere. Hala ere, mendebaldeko herritarron artean nahasmen handia sortzen da kontsumitzerako orduan edo, hobe esanda, eskatzerako orduan. Nigiri, hosomaki, temaki… izen asko dauzka.
Sushi hitzak bi hitz japoniarretan du jatorria: “su” eta “meshi” hitzetan, hain zuzen ere; lehenak ozpina esan nahi du, eta bigarrenak arroza; sushi terminoa, berriz, arrozaren (ozpindua, japoniar estilora) eta beste edozein jakiren arteko konbinazioari buruz hitz egiteko erabiltzen da. Oro har, arrainak, itsaskiak eta barazkiak izaten dira beste jaki horiek.
Azken batean, miniaturazko janari hori guztia barne hartzen duen hitz generikoa da, baina hartzen duen formaren eta prestatzen den eraren arabera, izen bat edo beste hartzen du. Ikas dezagun zein alde dagoen batzuen eta besteen artean.
Maki sushi
Tipologiarik ohikoena da. Nori algekin egindako bilkaritxoak dira, arrainez edo barazkiz beteak. Maki hori handia bada eta barruan hainbat osagai baditu, futomaki deitzen da. Mehea bada eta osagai bakarra baldin badauka, hosomaki deitzen da.
Uramaki
Kasu honetan, alderantziz prestatuta dago sushi pieza; hau da, alga barrutik doa eta arroza kanpotik. Hortik datorkio izena, "ura" hitzak alderantziz esan nahi baitu japoniarrez. Arrabaz edo sesamo-haziz osatutako geruza batez estalita egoten da.
Nigiri
Makiak edo uramakiak ez bezala, nigiriak ez dira aurkezten algan kiribilduta. Arroz blokeak dira, gainean arrain-lamina bat dutela.
Temaki
Izen hori hartzen dute bilkari konikoek; gainerako makien antzerakoak dira, baina norberak presta ditzake mahaian, paxitak bailiran.
Gunkan
Nigiriaren barietate bat dira, nahiz eta itxuraz makien antzerakoak diren. Arrozaren gainean arrabak edo arraina jartzen dira eta, ondoren, algaz inguratzen dira.
Sashimi
Sashimia modu berezian moztutako arrain gordin xerratua da. Kasu honetan, ez da arrozarekin batera aurkezten; horregatik, egiatan, ez da sushi mota bat, nahiz eta ohiko bilkariekin konbinatuta azaltzen den aurkezpen ezberdinetan. Horregatik jotzen sushi motatzat.
Orain bat, behin terminologia ondo ikasita, har itzazu zotzak eta eman iezaiozu japoniar jaki goxo hauetaz gozatzeko aukera zure ahoari.