
Sasoiko produktua
Sandia maitatzeko arrazoiak
Sandia izen bereko landarearen fruitua da, eta kurkubitazeoen familiakoa da, pepinoarekin, kuiatxoarekin, meloiarekin eta kuiarekin gertatzen den moduan.
Lau milurteko baino gehiagoko tradizioa duenez, sandiak jatorria Afrikan duela uste da. Tamaina handieneko fruituetako bat da, meloiarekin batera, eta zortzi kilotik gorako pisua har dezake.
Sandia-mota asko daude: oskol berde ilunekoak edo berde argiagokoak, marradunak, mami gorri bizikoak edo baita horikoak ere. Baina bi talde handitan zatitzen direla esan daiteke: pipitak edo haziak dituztenak eta horiek gabeak.
Hazirik gabeko sandiak genetikoki eraldatuak izan direla uste bada ere, ez da horrela izan; hain zuzen ere, hibridazio baten emaitza dira, hots, kromosoma bateraezinak dituzten bi landareak nahastu dira, eta haziak sortzeko gai ez den fruta antzua sortu da.
Sandia ia urte osoan zehar merkatuan aurki dezakegun arren, uda garai aproposena da sandia kontsumitzeko, udaberriaren amaiera aldera edo uda hasiera aldera loratzen baita eta heltze-punturik onena uda-garaian lortzen baitu.
Sandiaren onurak
- Ia %95 ura da; udako protagonista handietako bat dela esan daiteke, eta, beraz, hidratazio-egoera ona izaten laguntzen du. Gainera, balio energetiko oso baxuko fruta da, eta pisu osasuntsua izaten ere laguntzen du, asetze-efektua eragiteagatik.
- Halaber, bitamina eta mineral ugari ditu, tartean A eta C bitaminak, ikusmen egokia eta larruazala eta ehunak egoera onean izaten laguntzen dutenak. Mineralen artean, magnesioa eta potasioa nabarmentzen dira, muskulu-uzkurduraz, energia ekoizteaz eta proteinen sintesiaz arduratzen direnak, besteak beste.
- Antioxidatzaile mordoa ditu. C bitaminaz gain, sandiak karotenoideak, likopenoa eta kurkubitazina ditu, eta horiek erradikal askeen efektu kaltegarria neutralizatzen laguntzen dute. Gainera, hainbat azterketaren arabera, likopenoak efektu babeslea du hezur-masaren galeraren aurrean, eta, era horretan, osteoporosia prebenitzen da.
- Sandia fruta oso moldakorra da. Zapore eta aroma leunari esker, entsaladetan jan daiteke, gazpatxoari gehitu dakioke ukitu orijinala emateko edota berarekin postreak presta daitezke, txikientzat zein handientzat.
- Hondartza-egun baterako mokadu aproposa da. Izan ere, beroarekin ez dago sandia-zati fresko bat jatea baino gauza atseginagorik. Hori bai, garrantzitsua da beti hotz mantentzea, beroak Salmonella edo Listeria bezalako bakteriak hedatzea sustatzen baitu, eta horiek infekzio oso larriak eragin ditzakete.
Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista |