Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Oloa eta olo-zahia: zure dietarako zereal orekatua

Oloa nutrizio-osaera oso orekatua duen zereala da, gure dietan ohiko kontsumorako ideala. Oloak proteina kopuru handia du, eta beste zereal batzuek baino gantz gehiago eta karbohidrato gutxiago.

Oloaren formarik puruenean, ez du glutenik, nahiz eta gurutzatutako kutsatze-maila handia izaten duen. Gai eztabaidagarria den arren, azkeneko azterlanek diote pertsona zeliakoen dietan oloa sartzeak ez duela ondorio kaltegarririk eragiten. Hala ere, espezialistari kontsultatzea gomendatzen da, ziurtatuta daudenak bakarrik aukeratzea 20ppm), eta pixkanaka kontsumitzen hastea glutenarekiko intolerantzia dutenen dietan.

Oloa kontsumitzeko modurik ohikoena malutetan jatea da; horretarako, olo-aleei azala kentzen zaie, eta eho eta zanpatu egiten dira. Ohikoena gosaltzen jatea da, esnearekin edo jogurtarekin nahastuta. Gero eta ezagunagoa egiten ari da porridge edo gatxa izenaz ezagutzen dena; esne eta olo-maluta ahi bat da,  kanelaz, bainilaz, eztiz edo frutaz onduta.  

Oloaren dohainak

Nabarmentzekoa da zerealik nutritiboenetakoa dela, duen proteina, gantz asegabe, karbohidrato, zuntz eta bitamina kopuruagatik:

1-% 14 inguruko proteina edukia du, zerealen artean handiena. Defizitarioa da aminoazido esentzialetako bitan –treonina eta lisina–, beraz, proteina osoak lortzeko lekaleekin konbina daiteke, edo beste sasi-zereal batzuekin, kinoarekin esaterako.

2-Beste zereal batzuen antzerako karbohidrato kopurua du. Karbohidrato konplexuak dira, beraz, absortzio geldokoak. Energia-iturri ona da, eta asegarria, beraz, egokia da argaltzeko dieta egiten ari direnentzako.

3-Gantz kopuru txikia du, eta batez ere gantz asegabea; nabarmentzekoa da duen omega-3 eta omega-6 kopurua, kolesterol-mailei eusten eta bihotza babesten laguntzen dutenak.

4-Zuntz kopuru handia ere badu, bai disolbagarriak, bai disolbaezinak. Idorreria prebenitzen du, asegarria da eta kolesterol-mailak kontrolatzen ditu. Gainera, prebiotiko gisa jarduten du, hesteetako bakteriak elikatzeko substratu gisa jarduten baitu.

5-Bitaminak: B taldeko bitaminak nabarmentzen dira; bitamina horiek energia geureganatzen, hormonak sortzen eta immunologia-sistema indartzen laguntzen dute, besteak beste.

6-Oloak dituen mineralei dagokienez, fosforoa, potasioa, burdina eta kaltzioa ditu, besteak beste, funtsezkoak direnak muskuluen uzkurdurarako, hezurrak mantentzeko eta nerbio-kontrakziorako..

Olo-zahia

Olo-aleak fintzerakoan lortzen den produktua da. Alearen kanpoaldeko geruzak dira, eta aurrez aipatutako dohain guztiak dituzte; alde bakarra da olo-malutek baino zuntz eta mineral kopuru handiagoa duela zahiak eta, aldi berean, karbohidrato kopuru txikiagoa. Ideala da urdail-hesteetako igarotzea erregulatzeko

Zahia ur kopuru handiarekin hartze gomendatzen da, hesteetako arazoak saihesteko; izan ere, zuntz kopuru handia duenez, tripako minak, idorreria, haize-minak eta, are, oklusioak edo buxadura sor ditzake. Dieta orekatu baten testuinguruan, egunean koilarakada bat edo bi hartzea gomendatzen da.

Olo-zahia plater gazietan erabil daiteke, entsaladetan edo barazki-kremetan esaterako, edo jogurtari, fruta-zukuari, irabiakiei, esneari eta beste hainbat jakiri bota.

  Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista