Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Nola kozinatu ondo kinoa, eta zer egin

Aspaldi utzi zion kinoak produktu exotikoa izateari, eta modu naturalean txertatu da biztanleriaren elikaduran. Eta ez da gutxiagorako, izan ere, merezimendu osoz hartu du hazi edo ale integral horrek ‘superelikagai’ ezizena, nutrizioaren aldetik dituen ezaugarri bikainei esker.

Zereala ez den arren, zereala bailitzan kontsumitzen eta prestatzen da; horregatik deitzen zaio sasizereal ere. Kinoak, baina, balio biologiko eta nutrizio-kalitate handiagoa du, zerealekin alderatuta (hala nola, garia, artoa, arroza, oloa..). Proteina gehiago (% 16-% 23; zerealek baino bikoitza baino gehiago) eta gantz asegabe gehiago du (omega-6 eta omega-3), eta antzerako kaloria kopurua, eta hidrato kopuru txikiagoa.

Hain zuzen ere, aminoazido esentzial, oligoelementu eta bitamina guztiak dituen landare-jatorriko elikagai bakarra da kinoa. Are gehiago, esnearenarekin parekatzen da kinoaren proteina-kalitatea; horrela, bada, begetariano eta beganoentzat funtsezko jakia da.

Hori bai, kontuan izan behar da elikagai jakin batzuk konbinatuta antzerako nutrizio-ekarpena lor daitekeela, edo are handiagoa, eta hori kinoarekin bakarrik lortzen da. Proteinen kasu honetan, nahikoa da arroz plater bat, dilistekin.

Nola prestatu kinoa behar bezala

Beste edozein hazi (txia kasu) edo zereal bezala kontsumitzen da kinoa: egosi edo txigortu egin daiteke, baita plater askotan bere horretan gehitu ere. Kontuan izan beharreko alderdi garrantzitsu bat da ondo garbitu behar dela, gainazalean duen saponina kentzeko.Beste jaki batzuek ere badute substantzia hori –jukak, txitxirioek, sojak eta ginsengak, esaterako–, eta zapore mikatza du, eta kentzea komeni da, eragina baitu mantenugai batzuen xurgapenean.  

Saponina kentzeko (egiaztatu aldez aurretik garbituta al dagoen, paketean begiratuta), nahikoa da kinoa uretatik pasatzea, pare bat minutuz iragazki batean mugituta. Behin kinoa garbitu ondoren, uretan (gatzarekin) egosi behar da (kinoa-neurri bakoitzeko 2 ur-neurri), ondorengo azaltzen diren urratsei jarraiki.

  • Ura irakiten hasten denean, gehitu kinoa, moteldu sua eta estali lapikoa.
  • Egosi 10-15 bat minutuz (puntu-puntuan egon behar da: tinko xamar).
  • Xuka ezazu, eta utzi hozten, plater edo bandeja batean zabalduta.

Kinoarekin zer egin

Errazena da era guztietako plateren garnizio modura erabiltzea, arrozaren edo pastaren ordez. Horretarako, paella baten arroza izango balitz bezala kozinatu behar da: erregos ezazu bizpahiru minutuz tipularekin, baratxuriarekin, tomatearekin eta zure gustuko espeziaren batekin batera eta, ondoren, bota ura edo salda. Azkenburuko goxo bat ere presta dezakezu: kinoa-esnea (arroz-esnearen antzera).

Hainbat proposamen:

Beharbada hobe izango litzateke ‘kinoarekin zer egin ezin daitekeen” esatea-; izan ere, askotarako erabil daitekeen osagaia da kinoa: ogia egiteko irin modura, saltsak sendotzeko, arrautzeztatu osasungarriak egiteko (nahikoa da minutu batzuez txigortzea eta birrintzea); baita entsaladei, zopei, potajeei eta salteatuei gehitzeko ere.  Barazki-hanburgesen masa modura edo kroketak, tomatea eta piperrak betetzeko ere erabil daiteke, bai eta sasoiko produktu bikain bat, batata, betetzeko ere.

Kinoa:  zerealak baino elikagarriagoa den sasizereala

Nutrizio-aberastasun handikoa da kinoa. 100 gramo bakoitzeko:

  • Kaloriak: 399 kilokaloria.
  • Karbohidratoak: 69 g.
  • Koipeak: 6,5 g.
  • Proteinak: 16,5 g., aminoazido esentzial guztiekin.
  • Zuntza: 10-16 g, batez ere disolbaezina.
  • B taldeko bitaminak, tiamina (B1) batez ere.
  • Mineralak: kaltzioa (148,7 mg), burdina (13,2 mg), magnesioa (250 mg), fosforoa (383 mg), potasioa (926,7 mg) eta zinka (4,4 mg).