Osasuna
Azala zahartzea: Nola kendu zimurrak?
Zahartzea prozesu fisiologiko bat da, areagotu egiten dena denborarekin. Kolagenoaren eta elastinaren sintesia murriztuz doa, eta azalak distira, dentsitatea, hidratazioa eta irmotasuna galtzen ditu; ondorioz, lehenengo zimurrak agertzen dira. Eta orduan sentitzen dugu kosta ahala kosta zimurrak kentzeko beharra.
Hala ere, mezu argia helarazten digu Marta Agirrek, nutrizio- eta medikuntza-arloko gure adituak: ezin dugu gelditu denboraren joana, baina arindu ditzakegu haren ondorioak, hau da, saihestu ditzakegu zimurrak.
Zahartzearen arrazoi nagusia erradikal askeek eraginiko zelula-oxidazioa da; erradikal aske horiek egunero jasaten ditugun eraso ugariek sortzen dituzte: kutsadurak, tabakoak, sedentarismoak, eguzki-erradiazioek, dieta desegokiek eta abarrek. Zimurrak bizi-ohitura osasungarriagoekin prebenitzea da onena, ohitura horiei esker gure defentsa-sistema antioxidatzaileak indartzen baitira.
ZIMURRAK PREBENITZEKO AHOLKUAK
Zimurrak agertzea saihesten duen bizimodu osasungarria izateko, funtsezko hiru aholkuri jarraitu behar diegu:
- Eguzkitan luzaroan ez egotea, eta beti eguzkitik babesteko krema egokia erabiltzea.
- Ariketa fisikoa egitea, bereziki aire librean.
- Elikadura egokia izatea.
AZALA BARRUTIK ZAINTZEA
Esan dugun bezala, elikadura osasungarria izatea da jarraitu beharreko aholku bat; izan ere, ez du ezertarako balioko azala kremak eta zimurren kontrako tratamenduak erabiliz zaintzeak, baldin eta ez badugu barrutik zaintzen, elikadura egokiarekin. Hori horrela, hauek dira adituek ematen dituzten aholku nagusiak:
- Gutxienez 1,5 litro ur edatea, ahal dela pixkanaka eta otorduen artean. Neguan infusioak hartuz edan dezakegu ur-kantitate hori; izan ere, baliteke ura edateko gogorik ez izatea eguraldi hotzarekin. Te berdea, adibidez, ezin hobea da azala zaintzeko, antioxidatzailea baita.
- A bitamina ugari duten elikagaiak hartzea, bitamina horrekazala eta mukosak babesten baititu: azenarioak, marrubiak, tomateak…
- C bitamina (antioxidatzailea) ugari duten elikagaiak: laranjak, limoiak, kiwiak, fruitu gorriak...
- E bitamina (antioxidatzailea) ugari duten elikagaiak: oliba-olioa, zereal integralak…
- Selenio (antioxidatzailea) ugari duten elikagaiak: barazkiak, fruitu lehorrak, zahia, garagar-legamia…
AZALA KANPOTIK ZAINTZEA
Bai aurpegiko azalak bai gorputzekoak behar dute:
- Eguneroko garbiketa eta higienea
Ez da komeni ur oso beroa erabiltzea, azala biguntzen baita. Era berean, xaboi edo gel neutroak erabili behar ditugu, gantzik gabekoak. Ur mizelarra, esaterako, oso gomendagarria da aurpegia garbitzeko. - Esfoliatzea
Komenigarria da astean behin azala leunki esfoliatzea, epidermiseko zelula hilak kentzeko. - Hidratatzea
Komenigarria da krema hidratatzaile on bat erabiltzea, nutritiboa eta azala sendotzekoa.
AURPEGIA ZAINTZEKO TRATAMENDU BEREZIAGOAK
Bizitzaren erdialdean, adinari aurre egiteko beste tratamendu batzuk ematen has gaitezke: antioxidatzaile ugari (C eta E bitaminak, esaterako) dituzten kremak, krema argitzaileak, despigmentatzaileak, suspertzaileak, etab. Printzipio aktibo ugari daude, pertsona bakoitzaren azalera egokitzen direnak.
Gaur egun, ikerketa ugari egiten ari dira aurpegiko azala gaztetzearen arloan, eta produktu asko ditugu eskura. Hala ere, garestiena ez da izaten beti onena, eta produktu berak ez du eragin bera izaten azal guztietan. Horregatik, lagunduko dizun profesional on baten gomendioei jarraitzea da gakoa.
![]() |
Dra. Marta Aguirre. Nutrizioa y Medikuntza estetikoa |
BM Kontuaren SMS komunikaziorik jaso nahi ez baduzu, harpidedun izateari utzi dezakezu zure profilean hemen sartuz edo 900 555 300 telefonora deituz.
