Mugitu zaitez
Nola aurkitu zuretzat egokia den jarduera
Errutinara itzultzea egokitu zaigun honetan, eta Kirolaren Europako Astea ospatzen denez, asmo berriak ekartzen dizkigu berarekin irailak. Horien artean, klasikoetako bat: berriro kirola egiten hastea.
Arazoa sortzen da zerotik ehunera pasatzen saiatzen garenean. Gustuko ez dugun jarduera batean izena ematen dugu, emaitzak azkar lortu nahi izaten ditugu, edo batere ondo ez datozkigun entrenamenduz betetzen dugu astea. Eta handik aste batzuetara, bertan behera uzten dugu.
Gehiago mugitzeko, ez dago entrenamendu perfektua aurkitu beharrik. Zuri ondo datorkizun kirol bat aurkitu behar duzu.
Kirolik onena da mantentzea lortzen duzuna
Oinez ibiltzea, igeri egitea, pisuak, dantza, bizikletan ibiltzea edo padel partidu bat jokatzea, esaterako, aktibo mantentzeko modu egokiak dira. Eta ez dago jende guztiarentzako baliozko aukera bakarra.
Zure egoera fisikoaren arabera aukeratu beharko duzu, baina kontuan izan beharko dituzu egunerokotasunarekin lotutako beste alderdi batzuk ere: zenbat denbora duzun, bakarrik edo jendearekin entrenatzea nahiago duzun, aire zabalean gozatzen duzun, ordutegi finkoak ezarrita izatea behar duzun edo ikasteak eta aurrerapenak lortzeak motibatzen zaituen.
Horregatik, aukeratu baino lehen, ez pentsatu horrenbeste zer kirol dagoen boladan edo zeinek kontsumitzen duen kaloria gehiago, baizik era zure astearen antolamendurako egokiena zein den.
Indarra, kardioa, eskolak, ibiltzea...? Aurkitu zure kirola
- Modurik errazenean hasi nahi baduzu, hauxe da aukerarik onena: ibiltzea. Ez duzu ekipamendu berezirik behar, ez duzu inora joan beharrik, eta erraz egokitu ditzakezu zure erritmoa eta iraupena.
- Aurrera nola egiten duzun ikustea gustatzen bazaizu: indar-entrenamendua. Gimnasioa, norbere pisuarekin ariketak egitea, banda elastikoak... Indarra lantzeko modu asko daude.
- Burua argitu beharra baduzu: korrika egitea edo bizikletaz ibiltzea. Aire zabalean egiteko jarduera kardiobaskular errazak dira, eta distantziari, denborari edo intentsitateari dagokionez aurrerapenak nola lortzen dituzun ikusteko aukera ematen dute.
- Ura nahiago baldin baduzu: igeriketa edo aquagyma. Flotagarritasunak murriztu egiten du artikulazioekiko inpaktua, eta uraren erresistentziak hainbat muskulu-multzo lantzeko aukera ematen du.
- Bakarrik entrenatzeak aspertu egiten bazaitu: proba ezazu jarduera gidatu bat. Spinningean, zunban, dantzan, entrenamendu funtzionalean eta beste hainbat ikastarotan, musika, ordutegi aukera eta saioa partekatzeko talde bat aurkituko dituzu.
- Zuretzat, dibertitzea funtsezkoa baldin bada: erraketa-kirolak edo taldekoak. Futbola, saskibaloia, padela, tenisa... Kirol horiek duten osagai sozialari eta ludikoari esker, kirola obligazio gisa sentitzeari utziko diozu.
Eta ez duzu kirol bakarra aukeratu beharrik. Hainbat jarduera konbinatzeak barietatea eskain diezazuke, eta baliteke errazago izatea ohiturari eustea.
Nola hasi, pare bat aste barru dena bertan behera utz ez dezazun
Iraileko gogo biziak zure kontra egin dezake, egun gutxi batzuetan uda osoan egin ez dugun guztia berreskuratzen saiatzen bagara.
- Has zaitez egingarria den zerbaitekin: Astean bete ditzakezun bizpahiru saio egitea, bat-batean agendako tarte guztiak betetzea baino askoz abiapuntu errealistagoa da.
- Joan pixkanaka mailaz igotzen: Iraupena, intentsitatea eta maiztasuna areagotu ditzakezu, zure egoera fisikoak hobera egin ahala. Denbora badaramazu entrenatu gabe, ez da beharrezkoa lehenengo astean orduko zure mailara itzultzea.
- Erraztu gauzak: Baldin badakizu behin etxera iritsiz gero ez zarela berriro irtengo, beharbada lehenago entrenatzea komeni zaizu. Gimnasioa urrunegi baldin badago, bila ezazu gertuago dagoen beste aukeraren bat. Ordu erdi baino ez baduzu, aprobetxa ezazu, etxean bertan bada ere.
- Hartu tarte bat berrindartzeko: Gogora ezazu lo egitea, atseden hartzea eta elikadura anitza eta orekatua izatea ere garrantzitsuak direla bizitza aktibo baterako.
Zein da entrenamenduetara itzul zaitezen lortzen duen kirol edo jarduera hori? Konta iezaguzu Facebooken, Twitterren, Instagramen edo TikTok-en.
BM Kontuaren SMS komunikaziorik jaso nahi ez baduzu, harpidedun izateari utzi dezakezu zure profilean hemen sartuz edo 900 555 300 telefonora deituz.