
Zaindu ezazu zure burua
Nerabeen larruazalaren zainketari buruzko mitoak eta egiak
Nerabeen larruazalaren zainketa mitoz eta egiaz inguratuta dagoen gaia da. Aknearen aurka borrokatzea, eguzkiaren aurrean babestea… larruazalaren zainketarekin lotutako hainbat gairi buruzko informazio kontraesankor ugari jasotzen dute askotan nerabeek. Nerabezaroan larruazala zaintzeko moduari buruzko mitorik ohikoenak eta egiak azalduko ditugu hemen, bizitzako etapa garrantzitsu honetan larruazal osasungarri eta distiratsua izateko gida argi eta zehatz baten bitartez.
Mitoak:
1. Nerabeek ez dute eguzki-babesa erabili beharrik: Gezurra. Guztiok babestu behar dugu larruazala eguzkitik, baita nerabeek ere, eguzkiak eragin dezakeen kaltea prebenitzeko eta larruazaleko minbizia izateko arriskua murrizteko. Funtsezkoa da eguzki-babesa egunero erabiltzea, baita lainotuta dagoen egunetan ere.
2. Aknea zikinkeriagatik sortzen da: Gezurra. Aurpegia garbitzea garrantzitsua den arren, aknea ez da larruazaleko zikinkeriaren ondorioz soilik sortzen. Eginkizun esanguratsua betetzen dute faktore hormonal eta genetikoek.
3. Aknea desagertu egingo da granoak ukitzen ez badira: Gezurra. Granoak ez lehertzea garrantzitsua den arren, aknea tratatu gabe uzteak ez du bermatzen berez desagertuko denik. Tratamendu egoki batek aknea modu eraginkorragoan kontrolatzen eta murrizten lagun dezake, aurrez dermatologo bati kontsulta eginda.
4. Larruazal koipetsuak ez du hidrataziorik behar: Gezurra. Larruazal koipetsuak ere hidratazioa behar du orekatuta manten dadin. Oliorik gabeko krema bat erabiltzeak larruazala hidratatzen lagun dezake, gantz gehiago sortarazi gabe.
Egiak:
1. Garrantzitsua da aurpegia erregulartasunez garbitzea: Egia. Larruazala egunero garbitzeak gehiegizko koipea, zikinkeria eta zelula hilak kentzen laguntzen du, eta horrek aknea eta bestelako inperfekzioak prebeni ditzake.
2. Dietak eragina izan dezake larruazalean: Egia. Fruta, barazki eta ur kopuru handia duen dieta orekatu batek larruazal osasungarriagoa izaten lagun dezake.
3. Estresak okerragotu egin dezake aknea: Egia. Estresak agerraldiak eragin ditzake pertsona batzuetan; horregatik, garrantzitsua da hura maneiatzeko moduak aurkitzea.
4. Garrantzitsua da zure larruazal motarako egokiak diren produktuak erabiltzea: Egia. Zure larruazal motarako egokiak diren produktuak erabiltzeak larruazala orekatuta izaten lagun diezazuke. Produktu horien artean daude aurpegia garbitzekoak, kremak eta, beharrezkoa baldin bada, aknerako berariazko tratamenduak.
Beti da gomendagarria dermatologo bati kontsulta egitea, larruazalaren zainketari buruzko orientazio pertsonalizatua jasotzeko.
Eta zuk, ondo zaintzen al duzu larruazala?