
Sasoiko produktua
Mugurdia: basoak oparitzen digun gozokia
Mugurdia (Rubus idaeus) duela milaka urtetik dago gizakiaren dietan. Antzinako herri askoren dietaren oinarria izaten ziren biltzen zituzten baiak edo bestelako basoko fruitu edo fruitu gorri txikiak (masustak, ahabiak, andere-mahatsak, etab.).
Gaur egun, mugurdiak oso fruitu estimatua izaten jarraitzen du, duen zaporearengatik eta onurengatik. Fruitu txiki eta biribildua da, barruan hazi bana duten drupa ugarirekin osatuta dagoena. Azal belusatua du, gorria edo beltza, pulpa aromatiko eta gozoarekin.
Mugurdiondoaren fruitua da; jatorria Europan eta Asiako zati batean duen hosto iraunkorreko zuhaixka da mugurdiondoa, eta baso eta zelaietako argiguneetan hazten da. Labore kontrolatuak ere badaude, oro har, tamaina handiagoko mugurdiak ematen dituztenak.
Udaberri amaiera eta uda dira mugurdiez gozatzeko sasoirik egokiena, maiatzetik irailera.
Gordinik jan daiteke, zuzenean edo entsaladan esaterako, edo errezeta gozoak zein gaziak prestatzeko erabil daiteke: marmeladak, konpotak, irabiakiak, zukuak, bizkotxoak, tartaletak, hornigaiak, etab. Beste plater batzuekin batera kontsumitzeko saltsak ere presta daitezke; hala nola txerri-azpizuna choucroutarekin, edo txokolatezko hostopila turroiarekin.
Mugurdiak oso delikatuak dira; beraz, hobeto kontserbatzeko, hozkailuan gordetzea gomendatzen da (hiruzpalau egunez, gehienez ere). Izoztu ere egin daitezke:
Mugurdiaren onurak
Mugurdiak dituen onuren artean, nabarmentzekoa da antioxidatzailea dela eta bitamina (B3, C eta azido folikoa) eta mineral (potasioa, burdina eta kaltzioa) kopuru handia duela. Gainera, koipe eta kaloria gutxiko elikagaia da (26 kcal/100 g). Hauexek dira mugurdiaren onura nagusiak:
- Onak dira bihotzerako:flavonoideak, polifenolak eta potasioa ditu, osasun kardiobaskularra zaintzen dutenak.
- Diabetesa kontrolatzen laguntzen du: mugurdien zuntzak egonkor mantentzen du odoleko azukre-maila. Lipidoak eta intsulina-maila erregulatzen ere laguntzen du.
- Bururako lagungarria: azterketa batzuen arabera, memoria hobetzea lotuta dago baiek dituzten flavonoideak kontsumitzearekin.
- Begien osasuna zaintzen dute: mugurdien C bitaminak begiak osasuntsu mantentzen laguntzen du.
- Digestioa eta heste-igarotzea hobetzen dute: duten ur eta zuntz kopuru handiari esker, idorreria prebenitzen dute eta erregulartasuna lortzen laguntzen dute.