Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Trukuak

Nola izoztu elikagaiak, osasungarriak izaten jarrai dezaten

Nahiz eta hobe izan sasoian sasoiko produktu freskoak kontsumitzea, berriki azaldu genizun bezala, ondo izoztutako elikagaiak ia freskoak bezain osasungarriak dira; hau da, ultra-izozteko prozesuan ez dituzte beren dohainak eta mantenugaiak gehiegi galtzen. Baina, gauza bera gertatzen al da etxean izozten ditugun jakiekin?

0 gradu zentigradu azpiko tenperaturak aplikatzean datza izoztea, elikagaiek duten ura izotz bihurtu arte. - 18 º C-koa da jakiak izozteko tenperatura ideala (nazioarteko mailan adostuta dago hori), balio horretatik aurrera ez baitira ugaritzen bakteriak, eta murriztu egiten baita osasunerako arriskua.

Oro har, elikagai bat izozterakoan sortzen den izotzak aldatu egiten ditu ehunkien zelulak, haien ezaugarri organoleptiko nagusiak (zaporea, aroma eta testura) aldatuz, neurri handiagoan edo txikiagoan, kasu bakoitzaren arabera. Horixe da jakiak izozteak duen eragozpen nagusia eta, aldez aurretiko urrats batzuekin, murrizten saiatu behar duguna.

Lehenik eta behin, etxean duzun izozkailuaren maila egiaztatu behar duzu. Izarretan neurtzen da izozkailuen maila, eta 3 edo 4 izarretakoa gomendatzen da elikagaiak behar bezala izozteko, - 18ºC eta – 24ºC arteko gutxieneko tenperaturak hartzen baitituzte, hurrenez hurren.

Jakian ondo izozteko 6 gako

  • Azkartasuna: ahalik eta azkarren izoztu behar dira produktuak, dituzten dohain organoleptikoak hobeto mantentzeko. Zenbat eta txikiagoa izan tenperatura, orduan eta azkarragoa da izozte-prozesua.
  • Kalitatea: kalitate oneko elikagai freskoen aldeko apustua egitea.
  • Ontziratzea: banan-banan (errazioak) eta konpartimentutan bananduta gorde behar dira haragia, barazkiak eta arraina, eta jaki gordinak eta prestatutakoak ere bananduta. Komenigarria da elikagai bakoitza izoztu dugun data, jaki mota eta errazio kopurua jartzea ere.
  • Garbiketa: izoztu aurretik jakiak prestatzea (jangarriak ez diren zatiak kentzea, galdarraztatzea, egostea, etab.)
  • Biguntzea: kozinatutako elikagaiak izoztu aurretik, gutxienez ordubetez hozten uztea.
  • Debekatuta dago berriro izoztea:inoiz ez da berriro izoztu behar aurrez desizoztutako jaki bat.

Zein dira ondoen irauten duten jakiak?

Elikagai guztiek ez dute erantzun berbera izaten izozte-prozesuaren aurrean. Prozesu horrek eragin handiagoa du ur-proportzio handiagoa duten elikagaietan. Bestalde, haragiak eta arrainak egitura malguagoa dute eta izotzak ez die horrenbeste eragiten; frutak eta barazkiak, aldiz, zurrunagoak dira eta errazago honda daitezke.

Jaki motaren arabera, eta eragozpen horri aurre egiteko, honako urratsak jarraitu behar dituzu:

  • Barazkiak: garbitu, galdarraztatu edo egosi (2 minutuz, prozesu entzimatikoak inhibitzeko eta bakteriak kentzeko), eta izozteko poltsetan gorde.
  • Frutak: zuritu edo garbitu, eta moztu zati txikitan (pieza handiak baldin badira). Kontserbatu ontzi edo poltsetan. Fruta txikiak dira izozteko egokienak: marrubiak, masustak, mugurdiak, ahabiak edo andere-mahatsak; mertxikak, pikuak, anana edo meloia.
  • Haragiak: gantza, azala eta –ahal izanez gero– hezurrak kendu behar zaizkio. Zati erregularretan moztu (azkarrago izozteko) eta bildu plastikoz edo aluminio-paperaz (hobeto egokitzen da forma irregularrera, eta aire-poltsak saihesten dira).
  • Arrainak: eskamak eta erraiak kendu, garbitu eta ahalik eta ondoen lehortu. Plastikoz edo aluminio-paperez bildu.Itsaskiei dagokienez, bestalde, gordinik izoztu daitezke batzuk (ganbak, berberetxoak, otarrainxkak), baina itsaski gehienen kasuan, hobe da aldez aurretik egostea.

Badaude, besterik gabe, izozterik komeni ez den beste jaki batzuk. Hauek dira garrantzitsuenak: arrautzak, esnea, gazta, pasta, arroza, patatak eta saltsak (emultsionatuak edo natadunak).

BM Supermerkatuetan izoztutako jakien aukera zabala duzu, sukaldean denbora aurreratzeko. Horiek aukeratzen badituzu, saia zaitez hotz-katea ez apurtzen: erabil itzazu poltsa termikoak, saia zaitez erosketa egiten duzunean azkeneko hartzen dituzun produktuak izan daitezen, eta sar itzazu lehenbailehen izozkailura.

Izoztutako produktuek zenbat irauten duten

Otzi baino zaharragoa den haragia duzu izoztuta? Idatz ezazu iraungipen-data, izozkailuan momiarik izoztuta ez edukitzeko, eta har ezazu kontuan jakion iraupena. Hona hemen laburpentxo bat:  

  • Ogia: hilabete bat.
  • Itsaskia: hiru hilabete.
  • Arrain urdina: hiru hilabete.
  • Arrain zuria: sei hilabete.
  • Txerria: sei hilabete.
  • Arkumea: bederatzi hilabete.
  • Hegaztiak (oilaskoa/indioilarra): 12 hilabete.
  • Behi-haragia: 12 hilabete.
  • Barazkiak/Ortuariak: 12 hilabete.