
Elikadura osasungarria
Likidoak erretentzioari aurre egiteko gomendatutako elikagaiak
Edema, likido-erretentzio bezala ezagunagoa, ehunetan ur gehiegi pilatzea da; orkatilak eta hanken hantura moduan agertzen da eta batzuetan, baita hatzak edo aurpegia handituta ere.
Sendagai batzuk hartzeak (estrogenoak, antidepresiboak, antiinflamatorioak, kortikoideak, etab.) eta zirkulazioko, bihotzeko, giltzurruneko, tiroideko edo gibeleko gaixotasun batzuek edema eragin dezakete. Hala ere, dietak eta bizimoduak funtsezko eginkizuna dute, berriro ere, bai prebentzioan bai tratamenduan.
Hala, gaixotasunarekin zerikusirik ez duten eta likidoak pilatzea eragiten duten kausa ohikoenen artean honakoak daude:
- Ur gutxiegi edatea. Paradoxikoa dirudien arren, gorputzak bere funtzioetarako behar duen ur kantitatea lortzen ez duenean, biltegiratuz erreakzionatzen du, fenomeno hau eraginez. Alkoholak deshidratazioa larriagotu dezake, eta, beraz, baita likidoak pilatzea ere. Zer egin? Ziurtatu 1,5 eta 2 litro (zortzi baso) ur hartzea egunero; infusioekin osa daiteke.
- Gatz gehiegi hartzea. Gehiegizko gatzak zelulen arteko espazioan likido gehiago sortzen du eta horrek puztu egin dezake, tentsio arterialaren mailak igotzeaz gain. Gatz kantitate handiena produktu ultra-prozesatuetan dago. Zer egin? Komeni da produktu freskoekin kozinatzea, gehitzen den gatz kantitatea zaintzeko. Gozagarri horren ordez espeziak ere erabil daitezke (oreganoa, piperbeltza, ezkaia, etab.).
- Proteina gutxiko dieta. Proteinen kontsumo txikiegiak gibelak albumina nahikoa sintetizatzea eragozten du, gorputzeko likidoen banaketa egokia mantentzen duen proteina. Proteina horren gabeziak ur-metaketa bat eragin lezake eta ondorioz, edema. Zer egin? Proteina sartu behar da janari nagusi bakoitzean, animalia-jatorrikoak (haragia, arrautza, arraina) edo landare-jatorrikoak (lekaleak, tempeh, tofu, haziak, fruitu lehorrak, etab.) izan daitezkeenak.
- Mineralen eskasia. Dieta murriztaileek edo elikagai-barietate gutxiko dietek zelularen barruko eta kanpoko uraren oreka kontrolatzeko garrantzitsuak diren mantenugaien defizita ekar dezakete, hala nola potasioa edo magnesioa. Zer egin? Landare, fruta, lekale eta zereal integralen kontsumoa handitzea.
- Sedentarismoa. Eserita edo etzanda denbora asko igarotzean, likidoak metatu egiten dira, bai hanketan, bai sabelaldean; izan ere, zirkulazio-sistema eta sistema linfatikoa mugimenduarekin aktibatzen dira. Zer egin? Posizioz aldatzea eta denbora jakin batean paseotxoak ematea gomendatzen da. Jarduera fisikoa egiteak likido pilaketa ekiditzen du.
Behin edema gertatu denean, arreta berezia jarri behar da dietan, hidratazioan eta jarduera fisikoan. Gainera, zaldi-buztana edo te berdea bezalako infusio diuretikoak hartzeak gehiegizko likidoa drainatzen eta ezabatzen lagun dezake. Gozatu edemarik gabeko uda batez!
Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista |