Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Gatzaren bost ordezko, haren falta sentitu ez dezazun

Ohikoa da medikuek gatz gutxiko dietak aholkatzea, osasun kontuengatik, hipertentsioagatik esaterako. Kasu horietan, jende askori oso zaila egiten zaio janariaz gozatzen jarraitzea, gatzaren bizigarria drastikoki murrizten delako.

Gatz arrunta, kimikoki, sodio kloruroa da gehienbat. Horregatik, gatz gutxiko dietak sodio gutxiko dietak ere deitzen dira. Gatzaren ordezko batzuk bere zaporea berdintzen saiatzen dira, sodioaren ordez potasioa erabilita, baina potasio kloruroak zapore ahulagoa du, ez horren gazia eta garratz samarra; gainera, bere ezaugarriak ere zalantzan jartzen dira, adibidez giltzurrunetako arazoak dituzten pertsonen kasuan, gehiegizko potasioa kanporatzeko zailtasuna izaten baitute.

Burua da ordezkorik onena

Horregatik, hasieran zaila dirudien arren, gure janarietan gatz kopurua murrizten saiatzea izan daiteke gomendio nagusietako bat, elikagaien gehigarririk gabeko jatorrizko zapore garbiarekin topo egin arte.

Kontua da barazki, arrautza, haragi eta beste jaki askoren ñabardura gozo edo garratz samarretara ohitzeko ariketa mentala egitea. Hori horrela planteatzen badugu, ez zapore-galeraren aurkako borroka gisa, baizik eta jatorrizko jakiak deskubritzeko aukera gisa, beharbada gatz gutxiagoko mahai bateranzko trantsizio horretaz gozatzeko gai izango gara.

Gatza ordezteko bost aliatu goxo

Dietan gatza murrizteak ez du zaporea murriztea esan nahi. Gure platerei alaitasuna eta orijinaltasuna ematen dieten espezia eta ongarri asko dago, gatza erabili beharrik izan gabe. Adibide batzuk besterik ez dira honako hauek:

  1. Baratxuria: Aleak zein hautsa erabili, zapore handia eta berezia ematen die platerei. Aukerarik onenetakoa izan daiteke, gatzaren hutsunerik ez nabaritzeko. Gure sukaldaritza tradizioan, gainera, ibilbide luzea du baratxuriak, eta agortezinak dira haragi, arrain eta barazkiekin dituen erabilerak. Horri gaineratu behar zaio osasunerako benetako altxorra dela baratxuria.
  2. Limoia eta ozpina: Altxor horien zapore garratza nahikoa estimulatzailea da zenbait plater alaitzeko, hala nola entsaladak, gazpatxoak, hegazti-haragiak… Eta oliba-olio on batek mirariak egin ditzake.
  3. Piperbeltza: Aletxotan zein birrinduta, ia edozein plater ‘gazi’ ontzeko nahikoa izan daiteke. Zopak eta saldak, haragiak eta arrainak, prestatutako barazkiak edo gordinak entsaladarako… Piperbeltzak piperidina deritzon alkaloide bat du, gure errezetei benetan lurrin goxoa emango diena.
  4. Beste ongarri ‘min’ batzuk: Piperbeltz tradizionalaz gain, beste ongarri min batzuek ere eman diezaiekete gure platerei gatz falta ahaztaraziko digun zapore-dosi hori.  Kaiena eta beste pipermin eta piperrauts batzuk ohikoak dira gure sukaldetan.
  5. Belarrak eta espeziak: Gatza ordezteko aukerarik anitz eta dibertigarrienetako bat, beharbada, gure plateretan espezia eta belar aromatiko gehiago erabiltzea da. Patatak, esaterako, oso ondo hartzen ditu intxaur muskatua eta ezkaia; tipulina oso ondo datorkie saltsa krematsuei eta esnez egindako saltsei; kuminoak edozein haragi, erregosi eta arroz alaitzen du, eta mihilua ezin egokiagoa da lekaleekin eta arrautzekin erabiltzeko; erromeroa, berriz, haragi, ehiza-haragi eta erregosien aliatu ezin hobea da... Eta espezia exotikoenei ateak irekitzen badizkiegu, biderkatu egiten dira aukerak: curryak edo galam masalak aukera sortzaile agortezinak ditu arrozetan, arrautzetan, haragi edo barazkitan.

Beraz, gogora ezazu: gatz gutxiago erabiltzeak ez du esan nahi zapore gutxiago. Are, alderantziz: zure dietan sodioa murriztea aukera perfektua da zure ahoan sentsazio berriak deskubritzeko.