Aholkuak
Kotxez bidaiatzea: snack osasungarriak zure ibilbidea arintzeko
Udako oporrak errepide luzez, ezusteko auto-ilaraz eta –izan gaitezen zintzoak– edozein zerbitzu-gunetan harrapatzen dugun lehenengo gauza jateko bulkadaz beteta iristen zaizkigu. Txipak, opil industrialak, azukredun freskagarriak... Bidaiaren amaieran, nekea ez ezik, oporren hasiera zapuzten duen handitu- eta ondoez-sentsazioa eramaten dugu.
Bidaietako snacken arazoa
Zerbitzu-guneetan eskura ditugun mokadu guztiek arazo bera dute: azukre edo gatz mordoa dute, eta batere osasungarriak ez diren koipeak. Eta berehala nabaritzen ditugu haien ondorioak.
- Glukosa-pikoak eta, ondoren, bat-bateko beheraldiak; horrela, handitu egiten da gose-sentsazioa.
- Logura eta kontzentrazioa galtzea gidatzerakoan.
- Handitu-sentsazioa eta ondoez digestiboa.
- Deshidratazioa, sodio gehiegi metatzeagatik.
Zure biziraupen-kita kotxerako
Elikadura arina izatea eta ondo hidratatzea da bizitza-asegururik onena, bidaia seguru eta atseginagoa izan dezazun. Etxetik irten baino lehen, presta itzazu zure snack elikagarriak:
1. Fruta freskoa edo deshidratatua
Sagarrak, mahatsak edo gereziak aukera freskagarriak eta eramateko errazak dira, aurrez garbitu eta tuper batean sartu badituzu. Beste aukera bikain bat da azukrerik gehitu gabeko fruta deshidratatua (banana, mangoa, datilak), eta, gainera, ez dute toki handirik behar.
2. Fruitu lehor naturalak
Eskukada bat arbendola, intxaur, pistatxo edo hur natural (xigortu gabe eta gatzik gabe) energia-iturri paregabea dira; magnesioa kontzentrazioa aktibatzeko, eta gantz osasungarriak asetasun-sentsazioa emateko. Hori bai, kontrola ezazu kantitatea: 20-30 g nahikoa da.
3. Etxean egindako barratxoak edo barratxo osasungarriak
Bila itzazu aukerak, fruitu lehorrekin, haziekin, oloarekin eta benetako frutarekin. Edo, hori baino hobeto: presta itzazu etxean, eta izoztu, bidaian fresko mantendu daitezen.
4. Humusa barazkiekin
Azenarioa, apioa, luzokerra edo piperra zerrendatan moztuta, idealak dira humusetan bustitzeko. Potetxo indibidualetan eraman ditzakezu – entsalada bertikal erraz hauek bezala- ia batere tokirik har ez dezaten.
5. Ogitarteko integralak
Bidai oso luzeetarako, sar ezazu proteina-iturriren bat, aseta mantenduko zaituena. Errazena da ogi integraleko sandwich txikibatean sartzea: gazta, indioilar-bularkia, arrautza egosia…
Energia ematen digute, eta ez dira astunak.
6. Jogurt naturala edo edatekoa
Hozkailu eramangarri bat baldin baduzu, azukrerik gehitu gabeko jogurt natural bat edo kefir likidoa eraman dezakezu, eta digestio ona izaten eta bidaiarako proteinak izaten lagunduko dizute.
7. Ura
Ura izan behar da zure edari nagusia. Ez hartu azukredun edaririk, eta kafea ere neurrian, deshidratazioa eragin baitezakete. Bidaia luzeetarako, txandaka har ditzakezu ura, gasdun ura, infusio hotzak... Baita koko-ura ere.
Plangintza da garrantzitsuena
Hozkailu eramangarri on bat zure inbertsiorik onena izango da. Izoztu botilakada urak aurreko gauean izotza bailiran erabiltzeko, jarri jakirik delikatuenak azpian, eta saia zaitez hozkailua bost minuturo ez irekitzen.
Aurreko gauean, eskaini minutu batzuk fruta garbitzeari eta zatitzeari, fruitu lehorrak tuperretan anoa-multzoka prestatzeari eta botilak urez eta infusio freskoz betetzeari.
Timing perfektua: Jan zerbait bizpahiru orduro, zure energia egonkor mantentzeko. Ganorazko gosaria irten baino lehen, fruta freskoa bidaiari ekin eta pare bat ordura, eta fruitu lehorrak goiz erdian. Errutina horrek azukre-beherakadak saihesten ditu, eta zure kontzentrazioa erabatekoa izango da.
Ikusten duzun bezala, planifikazio pixka bat eta gogoa izanez gero, bideaz goza dezakezu, ondo jateari muzin egin gabe. BM Supermerkatuetan errepidera irten baino lehen zure snack osasungarriak prestatzeko beharrezko guztia aurkituko duzu. Ze jaki gustatzen zaizu eramatea kotxez egiten dituzun bidaietan?
BM Kontuaren SMS komunikaziorik jaso nahi ez baduzu, harpidedun izateari utzi dezakezu zure profilean hemen sartuz edo 900 555 300 telefonora deituz.