
Elikadura osasungarria
Infusioak: azeri-buztana
Azeri-buztana lorerik gabeko landarea da, mundu osoko klima hezeetan hazten dena. Europan hainbat espezie ezagutzen da; horien artean, Equisetum arvense da interesgarriena, hedatuena baita eta propietate ugari baititu.
Propietate onuragarriak ematen dizkioten substantzia asko ditu; tartean, nabarmentzekoak dira silizioa eta antioxidatzaileak.
Erromatar eta greziar medikuntza tradizionalean dagoeneko erabiltzen zen; hemorragiak geldiarazteko eta ultzerak, zauriak eta, are, giltzurruneko litiasia (harriak giltzurrunean) tratatzeko, hain zuzen ere.
Gaur egun, landare honen erabilera historikoan eta zenbait azterketa farmakologikotan oinarritzen da haren erabilera terapeutikoa. Azeri-buztanaren onura nagusien artean, honako hauek nabarmen litezke:
- Eragin diuretiko suabea: aldaketak eragiten ditu ur-, potasio- eta sodio-kanporaketan, beraz, onuragarria izan daiteke edema edo likidoen erretentzio kasuetan.
- Hezurrak osasuntsu mantentzeko: uste da azeri-buztanak duen silizio kopuru handiak hezurren dentsitatea areagotzen duela.
- Larruazala eta ilea zaintzeko: azterketa batzuen arabera, landare honek dituen antioxidatzaileek eragina dute ileko eta larruazaleko erradikal askeen kaltean. Silizioak, berriz, ile-erorketa murriztuko luke.
- Hanturaren aurkako efektua: linfozitoak inhibitzen ditu, hanturazko gaixotasunetan esku hartzen duten zelula nagusiak.
- Antibakterianoa: olio gisa erabiliz gero, eraginkorra da zenbait bakteriari aurre egiteko.
Azeri-buztana aurkezteko modu asko dago merkatuan, nahiz eta, beharbada, infusioak edo kapsulak diren ezagunenak. Lortu nahi den efektuaren araberakoa izango da gomendatutako eguneko dosia, baina ez dago horren inguruko adostasunik.
Azeri-buztan infusio bat ondo prestatzeko, litro bat ur irakin behar da, eta lau koilarakada azeri-buztan fresko edo lehor bota. Utzi jalkitzen hamar minutuz eta, zerbitzatu baino lehen, iragazki nahasketa.
Oro har, kontsumorako landare segurua da azeri-buztana, baina ez da gomendatzen haurdun daudenentzako, edoskitze-garaian daudenentzako eta haurrentzako. Bestalde, potasio-galerak sortzen dituzten beste botika batzuekiko –diuretikoekiko, esaterako– eragina izan lezake, baita B1 bitamina maila txikiak dituzten pertsonenganako ere.
Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista |