Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Fruta osorik ala zukuan: Zer da osasungarriagoa?

Fruta kontsumitzea, bai zukuan, bai osorik, beti da osasungarria. Helduentzat, egunean bi edo hiru fruta-pieza jatea aholkatzen da (bost anoa frutak eta barazkiak kontuan hartuta); haurrek, berriz, egunean hiru edo lau fruta-pieza jan behar lituzkete. Baina zer da hobea? Frutak osorik kontsumitzea ala horien zukua edatea? Jende askok egiten du galdera hori, eta gaur horri erantzungo diogu.

Marta Aguirre doktorea nutrizioan eta medikuntza estetikoan espezialista da, eta bat dator gainerako profesionalen iritziarekin: fruta osorik jatea osasungarriagoa da; izan ere, horrela, frutaren mantenugai eta ezaugarri guztiak kontserbatzen dira. Fruta-pieza bat kontsumitzen dugunean, haren zuntza ere jaten dugu, eta horrek fruktosaren xurgapena atzeratu egiten du.

Kontrakoa gertatzen da frutarekin zuku bat prestatzen dugunean. Zuntza zukugailuan edo zuku-makinan geratzen denez, azukrea bizkorrago xurgatzen da eta odolean "azukre-kolpe" handiagoa sortzen da; ondorioz, intsulina behar izaten da. Intsulina horrek bere lana ondo egiten duenean, gluzemiaren igoera hori gutxitzen du, eta balio normaletara itzultzen da. Jaitsiera horrek gose-sentsazio handiagoa eman diezaguke; ostera, fruta-pieza osoa janez gero, asebeteta gauden sentsazioa handiagoa da. 

Bestalde, kontuan hartu behar da batzuetan intsulinak ez duela ondo egiten bere lana; hori gertatzen da, adibidez, diabetesa duten pertsonetan. Diabetesa duten pertsonetan glukosak denbora gehiago behar izaten du bere balio arruntetara itzultzeko, eta igoera horrek kalte baskularrak eragin ditzake. Hori dela eta, diabetesa dutenei aholkatzen zaie fruta beti osorik jatera ohitu daitezela, eta ez zuku eginda.

Zukuak ez hartzeko beste arrazoi bat prestatzeko behar dugun fruta-kopuruarekin dago lotuta. Zuku bat edaten dugunean, fruta-pieza batzuen ura, bitaminak eta mineralak hartzen ari gara, baina baita azukre-kantitate handiagoa ere, eta, beraz, kilokaloria gehiago.

FRUTA KONTSUMITZEKO MODUAK

Fruta osorik jatea zukututa hartzea baino osasungarriagoa den arren, horrek ez du esan nahi tarteka ezin dugunik zuku bat hartu. Modu egokia da hidratatzeko eta egarria asetzeko, bereziki udan. Kasu horretan, gomendagarria da zukuari pulpa ere eranstea, zukugailuan utzi beharrean edo iragazi beharrean, zuntza kontsumituko dugula ziurtatzeko.

Umeek ere batzuetan nahiago izaten dute zuku bat hartu, erosoagoa delako, baina erakutsi behar zaie fruta jatea dibertigarria dela. Proba egin dezakezu gosaltzeko garaian ematen, eguna modu osasungarrian hasteko. Zatitu fruta eta nahasi jogurtarekin edo jarri ogi-xerra baten gainean: Zer iruditzen zaizu mango- eta lima-tostada edo platano karamelizatuarena? Gozoa dirudi, ezta?

Gogoan izan fruta guztiek ekartzen diotela zerbait positiboa gure organismoari; beraz, sar itzazu zure egunerokoan! BM Supermerkatuek fruta- eta barazki-sorta zabala eskaintzen dizute, dieta osasungarri eta orekatua izan dezazun. Hala ere, ez ahaztu garrantzitsua dela jan aurretik ur askorekin garbitzea.

Marta aguirre   Dra. Marta Aguirre. Nutrizioa y Medikuntza estetikoa