Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Etxean egindako chucruta

Chucruta Europa erdialdeko gastronomiako ohiko jakia da, batez ere Alemanian, Austrian, Suitzan, Frantziako iparraldean eta Hungarian da ezaguna. Haragiekin batera erabiltzen da batez ere, hala nola alemaniar saltxitxa ezagunekin eta ukondoarekin; baina sandwichetan, erregosietan edo zopetan ere erabil daiteke.

Azaren hosto freskoen hartzidura laktikoaren bitartez prestatzen da plater hau, gatza eta ortuariaren beraren zukuak gehituta. Ondorioz, osasunerako onura ugari dituen zapore garratzeko prestakin bat lortzen da.

Bakteria probiotikoen hazkundeari esker lortzen dira onurok; jogurtean eta kefirrean ere aurkitzen dira bakteriok. Bakteria horiek ezinbestekoak dira urdail-hesteetako osasun ona izateko, digestio ona izaten laguntzeaz gain, organismoa babesten baitute bakteria kaltegarrietatik.

Hala ere, beste abantaila ugari ere badu produktu honek, hala nola:

Infekzioen aurrean babesten gaitu: Frogatuta dago probiotiko kopuru handiko produktuak maiz jateak infekzioetatik babesten gaituela, gernu-bideetako infekzioetatik edo hotzeritik esaterako.

  • Burdina eta C bitamina iturria da: Chucrut errazio batek eguneko gomendatutako burdinaren % 12 eta C bitaminaren % 25 inguru du. C bitamina ezinbestekoa da burdina absorbatzeko, eta burdinak hemoglobina ekoizten du, oxigenoa gorputz osora garraiatzen duena.
  • Mantenugaiak absorbatzen laguntzen du: chucrutak mantenugaiak digeritzeko errazak diren molekula txikiagotan deskonposatzen laguntzen duten entzima batzuk ditu.
  • Bikaina da pisua mantentzeko edo galtzeko prozesuetan: chucrut errazio batek energia oso gutxi eta zuntz kopuru handia ematen digu, eta zuntzak asetasun handiagoaren sentsazioa ematen digu, denbora luzeagoan.
  • Minbizi mota batzuen aurrean babesten gaitu: azak ahalmen antioxidatzailedun fitokimikoak ditu, mutazio-prozesuak eta tumoreen garapena eragiten duten zelula-bereizketa prebenitzen dutenak. Neuroendekapenezko beste gaixotasun mota batzuk ere prebenitzen dituzte.
  • Bihotza osasuntsu mantentzen du: chucrutak duen zuntz eta probiotiko konbinazioak kolesterol-mailak murritz ditzake. K2 bitamina du gainera, gaixotasun koronarioetatik babesten gaituena.

Nola prestatu chucruta etxean

Eta onena da etxean bertan presta dezakegula chucruta, bi osagairekin bakarrik:azarekin eta gatzarekin. Azaren pisuaren % 2 izango da erabili behar dugun gatz kopurua; azak, zurituta, 500 gramo pisatzen badu, 10 gramo gatz erabiliko dugu. Berotasuna jasango duten beirazko flaskoak ere beharko ditugu, eta bol handi bat.

Poteratzeko edozein prozesutan bezala, beharrezkoa da chucruta gordeko dugun potoak garbitzea eta esterilizatzea.  Urrats hau garrantzitsua da, elikagai-intoxikazioak saihesteko.

Horretarako, irakiten dagoen uretan murgil daitezke beirazko potoak, 15 bat minutuz. Denbora hori igaro ondoren, zapi garbi baten gainean utzi behar dira lehortzen.

  1. Garbitu aza, eta kendu kanpoaldeko hostoak.
  2. Moztu juliana eran, eta jar ezazu bol batean. Bota gatza, eta utzi jalkitzen pare bat orduz.
  3. Denbora hori igaro ondoren, xukatu aza, duen likidoa aska dezan.
  4. Bete potoak azarekin, koilara batekin zanpatuz, airerik gera ez dadin. Potoak azaz betez joan ahala, zanpatu egin behar da eta azak askatu duen ura gehitu.
  5. Itxi potoa eta gorde leku lehor eta ilun batean (sukaldeko armairuan, esaterako), gutxienez hiru astez.

Garrantzitsua: kontsumitu baino lehen, produktuak usain ezatseginik ez duela egiaztatu behar dugu, izan ere, horrek esan nahiko luke hartzidura ez dela behar bezala egin, eta bota egin beharko litzateke. Nahi izanez gero, uretan eragin daiteke, zapore suabeagoa izan dezan. Gehienez hilabetez kontserba daiteke hozkailuan.

Eta gozatzera!

  Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista