Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Barazki-kontserba motak: abantailak eta eragozpenak

Kontserba da elikagaiarekin egiten den edozein prozesu, hura hondatzeko prozesua azkartzen duten bakteriak, legamiak eta onddoak saihesteko eta luzaroago gorde ahal izateko. Elikagaiaren eta erabiltzen den ontziaren araberakoa izango da kontserbazio-denbora.

Hainbat modutan aurkeztuta aurki daitezke kontserbako barazkiak eta ortuariak: izoztuta, atmosfera aldatuan ontziratuta, deshidratatuta edo egosi eta poteratuta. Teknika oso ezberdinak dira, beraz, garrantzitsua da jarraibideak kontuan hartzea, intoxikazioak saihesteko.

Izoztea

Oso denbora-tarte laburra igarotzen da jakiak biltzen direnetik ultraizozten diren arte. Prozesu industriala da; jakia -30ºCz azpiko tenperaturan hozten da minutu gutxi batzuez eta, era horretan, bere ezaugarriak ia batere ez dira aldatzen.

Izoztutako barazkiak aukera ona dira kozinatzeko nahikoa denbora ez dagoenerako. Era horretako kontserben bizitza erabilgarria barazkiaren araberakoa da; nolanahi ere, lau eta hamabi hilabete bitartekoa da.

Atmosfera aldatua

Produktu hotzen sekzioko “poltsako barazkiak” dira, horren ezagunak direnak eta horrenbeste kontsumitzen direnak. Kasu honetan, airearengandik ezberdina den gas-nahasketa bat sartzen da poltsan, elikagaia fresko mantentzen duena (mikroorganismoen hazte-abiadura murrizten du). Aukera aproposa da hosto mota ezberdinak jateko, bakoitzeko ale bat erosi beharrik gabe.

Garrantzitsua da beti hoztuta edukitzea eta iraungitze-data ez gainditzea, nahiz eta ontzia itxita egon. Behin ireki ondoren, gehienez bizpahiru egunetan kontsumitu behar da.

Ozpinetakoak

Ozpinetako barazkiak dira gatz eta ozpin nahasketa batean murgilduta egon direnak. Elikagai horien oinarria ortuariak diren arren (osasungarriak), gatz-kontzentrazio handia dute, beraz, noizean behin bakarrik kontsumitu behar dira.

Ozpinez (azidotasuna areagotzen du) eta gatzez (kontserbatzailea da) prestatutako soluzio horrek mikroorganismoen garapena galarazten du, eta hilabeteetan mantentzen ditu jakiak.

Deshidratazioa

Deshidratatutako barazkiak dira ur guztia kendu zaienak; horrela, uretan disolbagarriak diren bitaminak galdu egiten dira, C bitamina esaterako. Hala ere, beste bitamina eta mineral batzuk eta zuntza kontzentratu egiten dira.

Teknika honekin, hilabeteetan kontserba daitezke jakiak. Hala ere, behin ontzia ireki ondoren, ontzi hermetiko batean gordetzea gomendatzen da.

Barazki deshidratatuek ospea hartu dute azkenaldian snack bezala, nahiz eta orokorrean frijituta eta gatzituta egoten diren; horregatik, noizean behin kontsumitu beharko lirateke, kaloria asko baitute

Poteratuta

Poteratutako barazkiak beirazko poteetan saltzen dira normalean. Produktuak bildu ondoren, egosi egiten dira, kontserbazioko likidoa gehitzen zaie, hermetikoki ixten dira eta esterilizatu. Kontserbako barazkien ezaugarriak etxean egositakoek izango lituzketenen antzerakoak dira, izan ere, deshidratazioaren kasuan bezala, bitamina disolbagarri batzuk galdu egiten dira egosterakoan.

Kontserbazioko likidoa ur eta gatz nahasketa bat izan ohi da eta, kasu batzuetan, C bitamina ere izaten du, oxidazioa saihesteko. Likido hori kendu eta barazkiak garbitzea komeni da, soberakinak kentzeko, gatz kopuru handia baitu eta, batzuetan, baita beste kontserbatzaile batzuk ere, sulfitoak kasu.

Potean hainbat urtez kontserbatzen dira barazkiak. Beti izan behar da kontuan iraungipen-data, eta ez dira kontsumitu behar konkortuta dauden edo usain txarra duten poteak, litekeena delako hustasuna galdu izana eta botulismoa eragitea, Clostridium botulinum toxinak eragindako gaixotasuna.Behin ireki ondoren, hotzetan gorde behar dira eta bizpahiru egunetan kontsumitu.

  Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista